Hemeroteka


Compartir
2012-08-23

Udan irakurtzeko liburuen gidak

Udako oporrak hastearekin batera argitaratzen dira Udako Irakurketa Gidak. Aurten ere hainbat liburutegik kaleratu dute beren udako irakurgaien proposamena, besteak beste, Debagoienako Udal Liburutegiek, Iurretako Herri Bibliotekak eta Donostiako Udal Liburutegiek. Horrez gain, Euskadiko Liburutegi Sareak ere hainbat gida biltzen dituen gunea du bere web gunean

Debagoieneko Udal Liburutegiek, urtero bezala, Biblioporrak gida sortu dute. Bertan haur, gazte eta helduentzako liburu, disko eta filmen gomendioak bildu dituzte.

Iurretako Herri Bibliotekaren Udako Gidak, berriz, aurtengo euskarazko liburu gomendagarrien zerrenda biltzen du, haur, gazte eta helduen literaturako euskarazko hainbat titulurekin.

Donostiako Udal Liburutegien sareak 120 tituluko zerrenda osatu du bere udako gidan: 60 euskarazkoak eta beste 60 gaztelaniazkoak. Bertan azken 12 hilabeteotan argitaratutako liburu gomendagarriak aipatzen dira. Aurtengo gidak, gainera, QR kodeak ditu adin bakoitzeko liburu-sortari dagokiona. Horren bidez, papereko gidatik zuzenean liburutegi sarean sartzeko aukera dago eta liburuak maileguan hartzeko moduan dauden edo ez ikus daiteke. Papereko argitalpenaz gain, digitala ere badu Donostiako Udal Liburutegien gidak. Berau Donostia Kulturaren atarian eskura daiteke.

Horrez gain, Galtzagorri Elkarteak Donostia Kulturarekin elkarlanean Bularretik Mintzora egitasmoa jarri du martxan Donostiako Liburutegi Sarean, eta Bularretik Mintzorak gomendatutako liburuen zerrenda ere udako irakurgaietarako ezin aproposagoa da.

EiTBren web gunean ere udako irakurketa gidei buruzko honako erreportaia ikus daiteke.