1. Ikasle bakoitzak aukeratutako liburua irakurriko du: AURTENGO PROPOSAMENAK zerrendatik edo EZINBESTEKOen zerrendatik hautatutako liburu bat.

2. Ikasgela bakoitzak irakurri duen liburuaren gaineko booktrailer edo erreseina interaktibo bat egin beharko du, eta, ondoren, 2025eko MARTXOAREN 3a baino lehen Liburu Gaztearen webgunean zintzilikatu. Booktrailerrak lauko taldeetan egitea gomendatzen dugu, sari nagusia ere lau lagunentzako izango baita.

3. Booktrailerra modu errazean egin daiteke, egungo teknologiak erabiliz. Azalpen guztiak, booktrailerra egiteko urrats guztiak, BIDEO TUTORIAL batean izango dituzue Liburu Gaztea webgunean. 

4. 2024ko urritik aurrera IKASLEENTZAKO TAILERRAK ere eskainiko zaizkie lehiaketan izena ematen duten ikastetxeei: “Nola ulertu ikus-entzunezko lengoaia booktrailer on bat sortzeko: ikus-entzunezko lengoaia eta muntaiaren oinarriak gertuko adibideen bidez”. Saiootan parte hartzea hautazkoa izango da eta kostua interesa duen ikastetxe bakoitzak hartu beharko du bere gain.

5. Galtzagorri elkartea zuen kontsulta eta zalantzei erantzuteko prest izango da ikasturtean zehar. Horretarako gure e-posta emango dizuegu: liburugaztea@ibbygaltzagorri.eus

6. Liburu Gaztea Lehiaketan booktrailer hoberenak sarituko dira. Horrek esan nahi du, lan hori webgunean zintzilikatzen duenak soilik izango duela irabazteko aukera.

7. Bi modutan har daiteke parte lehiaketan: Ikastetxeen kategorian edota Norbanakoen kategorian.

  • Ikastetxeen kategorian parte hartzeko, aurrez izena ematea eskatzen da. Izen-ematea 2024ko IRAILAREN 25ean amaituko da.
  • Norbanakoen kategorian ez dago izena eman beharrik, nahikoa da bakoitzaren adinari dagokion liburua irakurri eta booktrailerra lehiaketako azken eguna baino lehen bidaltzearekin.

8. Ikastetxeen kategorian, gehienez 2 minutuko iraupena duten booktrailerrak onartuko dira eta webgunean igoko dira. Norbanakoen kategorian, aldiz, gehienez 2 minutuko iraupena duten booktrailerrak onartuko dira eta webgunera naiz TikTok-era igotzeko aukera egongo da (bigarren kasuan webguneko parte-hartze formularioa ere bete behar da).

9. Ez dira onartuko filmetatik hartutako irudiekin soilik osatutako booktrailerrak.

10. Epaimahaiak euskararen zuzentasuna eta egokitasuna aintzat hartuko ditu. Ez dira akats larriak dituzten lanak sarituko (bidalketa egin aurretik lanak errepasatzea gomendatzen dugu).

11. Irabazleak epaimahai batek hautatuko ditu probintzia bakoitzean (Bizkaia eta Gipuzkoa).

12. Ikastetxeen kategoriako irabazleak hautatzeko garaian, epaimahaiak bi multzotan banatuko ditu lanak: DBH1-2 multzoko lanak eta DBH3-4 multzokoak. Hortaz, bi sari nagusi banatuko dira ikastetxeen artean eta ez da bigarren eta hirugarren saririk izango. Norbanakoen kategorian, ordea, maila guztiak batera lehiatuko dira, parte-hartze txikiagoa izaten baita sail horretan. Hortaz, sari bakarra.

13. Publiko zabalak ere izango du bere iritzia emateko aukera. Orain arte bezala, boto bidez hautatuko da PUBLIKOAREN SARIA jasoko duen booktrailerra. Edonork eman ahal izango du botoa, baina bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du, kategoria bakoitzean boto bana emateko aukerarekin. 2025eko APIRILAREN 1etik 30era bitartean egongo da bozkatzeko aukera. Orduan aktibatuko da webgunean BOZKATU atala. Hortik bakarrik eman ahal izango da botoa. Jasotako booktrailer guztien artean aukeraketa bat egingo da sarituko diren bideoen kalitatea bermatzeko helburuz, aukeratutako bideoak soilik sartuko dira publikoaren bozketan.

14. Bozkatzen dutenen artean, e-reader bat zozkatuko da.

15. Liburu Gaztea Lehiaketan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak liburuen aholkulari eta sustatzaile izan direla ziurtatzen duen agiria jasoko du.

16. SARIAK:

  • IKASTETXEKA:
    • DBH1-2: Sari bakarra; abentura txangoa eta liburu eta diskotan gastatzeko 250 euroko bonua (probintzia bakoitzean sari bana).
    • DBH3-4: Sari bakarra; abentura txangoa la eta liburu eta diskotan gastatzeko 250 euroko bonua (probintzia bakoitzean sari bana).
  • NORBANAKOKA: vlogger kit bat, e-reader bat eta 150 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko (taldean aurkeztuz gero, saria abentura txangoa izango da). Probintzia bakoitzean sari bana.
  • PUBLIKOAREN SARIAK:
    • Ikastetxeen kategorian: escape room baterako pasea eta 100 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko (probintzia bakoitzean sari bana).
    • Norbanakoen kategorian: escape room baterako pasea eta 100 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko (sari bakarra bi probintzietarako).
  • BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bana zozkatuko da probintzia bakoitzean.

17. 2024-2025 ikasturteko Liburu Gaztea Booktrailer Lehiaketako irabazleek (Ikastetxeak Kategorian, DBH3-4), hurrengo edizioko spota edo promozio-bideoa egiteko aukera izango dute.

18. Lanak aurkezteko azken eguna 2025eko MARTXOAREN 3a izango da.

19. Sariak hutsik geratuko dira epaimahaiaren ustez jasotako lanek eskatutako maila eskaintzen ez badute.