Mila gau eta bat gehiago

  • Egilea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro
  • Argitaletxea: Erein
  • Urtea: 2002
  • Ilustratzailea: Alvaro García Lema
  • Bilduma: Gure klasikoak
  • Orri kopurua: 232
  • Adina: 14tik gora
  • Nork hautatua: Migel Asiain, Itziar Zubizarreta
  • Laburpena:

    Noizbait bakarren batek denak irakurriko balitu, hil egingo litzateke. Hala ohartarazten du liburu honek ezkutatzen duen mehatxuak. Xerazade ere, istorio hauen guztien narratzailea, hiltzeko arriskuan egon zen liburuaren kontaketak iraun zuen bien bitarte guztian, eta soil-soilik ipuinen bitartez lortu zuen bere bizitza salbatzea. Xariar erregearen jakingosea pizteko, gau batez ipuin miresgarri bat kontatzeari ekingo zion, beste batez bidaia kilikagarri bati, fabulak ere kontatuko zizkion. Istorio horiek gauero kontatu, eta gertakariak erakargarrien zeudenean, orduantxe egingo zuen etena, biharamunean jarraitzeko eta, hartara, bizia beste egun batez salbatzeko. Ipuinak biziaren truke.

  • Prentsako aipamenak:


    - Javier Rojo, El Correo 2003ko otsailaren 26a Ipuinen magia

    Patxi Zubizarretak behin baino gehiagotan erakutsi du ekialdeko literatura gogoko duela, eta orain bere eskutik datorkigun liburu hau ere horren frogatzat har daiteke. Izan ere, "Mila gau eta bat gehiago" ipuin bildumaren aukera eta bertsioa eskaintzen digu Zubizarretak. Honek esan nahi du, jakina, orrialde hauetan ez direla agertzen jatorrizkoan azaltzen diren istorio guztiak, baldin eta hitz hauek (jatorrizkoari buruzko aipamenaz ari naiz) zentzurik badute. Dena dela, ipuinik ezagunenak agertzen dira. Adibidez, eta edonoren oroimenean dauden istoriak bakarrik gogoratzearren, Zubizarretaren antologia honetan Sinbaden bidaia batzuen berri izango dugu, Aladin eta bere argiontzi miresgarriaren gorabeherak gogoratuko ditugu edota Ali Baba eta berrogei lapurren leize-zuloan sartu ahalko gara. Baina ez dugu ahaztu behar, abenturazko literaturaren eredutzat har daitezkeen istorio hauen ondoan, "Mila gau eta bat gehiago"-n ipuin erotikoak ere badaudela eta horietako batzuk agertzen dira antologian, hala nola Zerezadaren beraren istorioa, honetan oinarritzen baita liburu honek, ipuin on bat irakurtzeak edo entzuteak daukan lilura. Klasikoak hilezkorrak badira, hauxe da bat, dudarik gabe.
    - Manu Lopez Gaseni, DEIA Ekialdearen xarma eta sentsualitatea

    "Mila gau eta bat gehiago" izenez ezagutzen dugun ipuin bilduma ekialdeko ahozko tradizioaren altxorretik datorkigu. Inork ez daki noiz sortu ziren arte, arabieraz. Handik aurrera bertsio ugari izan zituzten, tankera horretako narrazio tradizionalekin gertatu ohi den legez, horietatik ezagunena Antoine Galland-ek frantsesez jasotakoa, duela hiru mende. Geroztik, idazle askoren iradokigarri suertatu da ipuinen ipuin hori, J. L: Borgesena, besteak beste, Gallanden bertsioa oinarri harturik berea egin baitzuen gaztelaniaz.

    Oraingoan Erein argitaletxeak eskaintzen digun bilduma Patxi Zubizarretaren eskutik dator, mundu arabierra ondo ezagutzen duen beste idazle baten eskutik, hain zuzen ere. Lehenengo itzuliak zituen, Pamiela argitaletxean, bilduma horretako hiru ipuin ezagunenak: "Ali Baba eta berrogei lapurrak", "Aladin eta Sinbad marinelaren historia";-baita Ekialde Hurbil hori bere obra propio askoren gai edo motibotzat erabili ere.

    Edonola ere, "Gure Klasikoak" sailean argitaratutako honetan, bere osotasunean aurkezten dira bilduma hartako ipuin hautatu asko (antigoaleko bildumatzaile zenbatek, izenburua hitzez hitz harturik, eta ugaritasuna besterik adierazten ez duen 1.001 horretara iritsi nahian, amatu egin zituzten ipuin batzuk, horien artean, Borgesek dioskunez, aladinen istorioa bera, jatorrizko testuetan ez baitzegoen, "Gallanden beraren zorioneko asmazioa izan bide zen"). "Mila gau eta bat gehiago", azken batean, askotariko ipuinez osaturiko corpus bati batasuna emateko helburuaz asmatutako egitura bat dela pentsatzeko tentaldian erori da askotan irakurle hau. Xerezadek Xariar erregeari gauero kontatu behar hori tradizio bat baino gehiago biltzen dituzten ipuinak harikaltzeko aitzakia besterik ez dela dirudi; aitzakia paregabea, ordea. Bertan azalarazten baitira kontagintzaren baliabiderik betierekoenak. Izan ere, ipuinak bi norabidetan haziz doaz: luzeran eta sakoneran. Ipuinak bata bestearen ondoren kateatzeko baliabidearen ondoan, ipuinak bata bestearen azpian ere (ez kasualitatez "kutxa txinatarren eran" deitua), izugarrizko sakontasuna iritsi arte, handituz eta pilatuz doaz.

    Ipuinetako gaiei dagokienez, sentsualitatea aipatu behar da lehendabizi. Baina beste batzuk ere, hala nola itxuraldaketak, jeinuak, mota askotako magiak, giza gorputzen edertasuna, eta beste asko. Mendebaldeko pentsakerarako urrunekoa irudituagatik, bertatik bertara dagoen mundu bat.

ATZERA