Bidaia munduaren amaierara

• Egilea: Henning Mankell
• Argitaletxea: Erein
• Urtea: 2005
• Itzultzailea: J. M. Mendizabal
• Bilduma: Perzebal
• Orri kopurua: 256
• Adina: 14tik gora
• Nork hautatua: Migel Asiain
• Laburpena:

Joelen kontakizunaren laugarren eta azken atala da hau.

Izarretara bidean zihoan txakurra izan zen lehen atala. Itzalak luzatu egiten dira ilunabarrean eta Ohe elurtuan lo egin zuen mutikoa etorri ziren gero.

Liburu honetan Joelek hamabost urte bete ditu. Ama ezagutuko du, oso ume zelarik aitarekin utziz etxetik alde egin zuena. Amarekin topo egitera joatean iraganeko pasadizoak argitu nahi ditu semeak aitarekin, gaixo jarri zen aitarekin, alegia:

–“Ama batek ez du alde egiten horrela, besterik gabe. Aitak desagertzen dira. Amak, ez. Zerbait gertatuko zen”.

Aita marinela izana zen, eta aspaldidanik agindua zion semeari biak itzuliko zirela egunen batean itsasora eta amaierarik gabeko bidaia batean abiatuko. Aita hil zenean:

“Negarrez hasteko zorian zegoela jabetu zen. Ez zuen nahi. Hamabost urte zituen, marinela zen. Beraz, ezin zuen negar egin. Umeek negar egin dezakete. Eta helduek. Baina ez hamabost urte dituen batek. Adin horretan debekatuta dago amore ematea. Batez ere malkoei”.

Ordurako iparralde eta hegoaldeko itsas bazterrak ezagutuak zituen Joelek marinel gisa. Amsterdameko portura eta kaleetara ere iritsia zen...

• Prentsako aipamenak:

- Manu Lopez Gaseni, Deia 2005eko apirilaren 12an Haurtzoaren amaierarako bidaia

Henning Mankell idazle suediar ezagunak Joel Gustafsson gaztearen inguruan idatzitako tetralogiako azken emanaldia da eleberri hau. Erein argitaletxeak 2001ean "Izarretara bidean zihoan txakurra" hura argitaratu zuenetik lau urte joan dira, eta Joelek (gogora dezadan eleberriok 1950eko hamarkadako Suedian kokatuta daudela) hamabost urte bete ditu eta, horrenbestez, derrigorrezko hezkuntza amaitu du iparraldeko herri horretako orduko hezkuntza sistemaren arabera. Bi mugarri horiek, hamabost urteak eta eskolaren amaiera, erabakigarri suertatuko dira Joelen kontzientzian. Izan ere, tetralogiaren eremuan, laugarren liburu hau aurrekoetan planteatutako korapiloaren askapena dela esan daiteke. Hitzaurretik bertatik, aurreko liburuetako pertsonaiak eta gertakizunak gogora ekarriko direla adierazten du egileak, hori dena amaiera handi baterako prestaketa gisa.

Lehen aldiz, Joelek erabaki garrantzitsuak hartzen ditu: iparraldeko herrixka izoztua lehen aldiz utzi du; oso txikia zela aitarekin utzita alde egin zuen amarekin berriro elkartzera joango da; betidanik amets izandako marinel itsasoratzea lortu du; sexuan iniziatu da...

Eleberria oso ondo idatzita eta bikain bideratuta dago, eta lauetan onena da, nire ustez. Irakurleak emozio handiko pasarteak topatuko ditu, hala nola, amarekin berriro elkartzen den unea, itsasoan lanean hasteko erabakia hartutakoan semeak aitari (!) bakarrik moldatzeko ematen dizkion aholkuetako elkarrizketa, eta, batez ere, aitaren azken egunetako kontakizuna oso bereziki hunkigarria da.

Gero, aurreko guztiaren kontrapuntu gisa, Joelek azken aldiz egingo dituen gauzen narrazioa dator; paralelismo lazaigarrien bidez emana: aitaren azken bidaiaren lekukoa izan zen, etxe zaharretik azken aldiz irten zen eskailetan behera: "Azken maila. azkeneko aldiz. Orain ezin zuen atzera egin. Beste ate bat irekiko balu bezala zen, eta aldi berean bere haurtzaroko atea astiro eta kirrinka itxiko balitz bezala"(248.or).

Eleberri hau irakurtzea biziki gomendatzen dudan era berean, haatik, oharpen bat ere egingo dut: kontu! inork ez dezala kontsolamendurik bila liburu honetan, ez baitu aurkituko; Joelen iniziazioa eta heldutasunera iristea era poetiko bezain biluztuan, inolako amore ematerik gabe kontatzen baita; azken batean, hau benetako literatura besterik ez da.
- Xabier Etxaniz Erle, Berria, 2005eko maiatzaren 10a Bidaia munduaren amaierara, izenburu hori jarri dio Mankellek gazteentzako bere azken liburuari, 1998an Suedian argitaratua eta orain gutxi gure artera ederki ekarri duena Juan Mari Mendizabalek. Baina guretzat, Joelen azkena da, liburu horrek amaiera ematen diolako gazte literaturako tetralogia apartari.

Duela lau urte argitaratu zen euskaraz Izarretara bidean zihoan txakurra (Erein, 2001) nobela; Joel gaztea ezagutzeko eta haren bizitzan, giroan, gogoetetan murgiltzeko parada eskaini zugun nobela gomendagarria; izan ere, bai Suedian, 1990ean, bai Alemanian, hiru urte geroago, irabazi baitzuen gazte liburu onenari emainiko sariak. Harrezkero, urtero argitaratu da gure artean Joelen bizitza kontatzen duen liburu bana, harik eta azken honekin narrazioaren amaierara iritsi arte.

Mankellen irakurleak badaki haren lanetan gertakari ugari badira ere, irakurleak ez duela jauzirik aurkituko; ez duela apartekorik aurkituko, eta hala ere, ustekabeekin egingo duela topo. Ezer ez dela gertatzen ematen du... baina etengabe ari dira gauzak gertatzen. Joel gaztea elurrez inguraturiko eskualde batean bizi da, lagun gutxi ditu, etxean aitarekin bizi da, etxeko lanak egin beharko ditu eskolakoez gain... eta eguneroko bizimodu horretatik ateratzen duten ekintzatxo batzuk egiten ditu. Elur gainean lo, zakur baten atzetik irten gauez, sudurrik ez duen bere lagunarekin izaniko elkarrizketak...

Hots, nobeletan ez da ekintzez jositako abenturarik, ez da jakinnahiak bultzatuta orriak irentsi beharrik sentitzen; bai ordea, irakurri ahala narrazioarekin gehiago gozatzeko gogoa. Kontatzen denagatik eta kontatzen den moduagatik gozatzen baita tetralogia honetan.

Laugarren nobela honek, aldiz, aurrekoekin parekatuta badu ezberdintasun nabarmena: oraingoan hasi-hasieratik Joelen eta haren aitaren bizitza aldatu dituen elementu bat agertzen baita, ama. Joel jaio eta gutxira abandonatu zituen emakumea. Amaren berri dute lagun baten eskutitz baten bidez, eta une horretatik gogoetak eta baita ekintzak ama ezagutzera edo harekin bat egitera bideratuko dituzte biek, Joel seme abandonatuak eta haren aitak, senar abandonatuak.

Lau liburuetan Joelen baitan izaniko eboluzio edo garapena ikusten bada, argi eta garbi dago laugarren honetan gaztea gizon bihurtzen zaigula; 15 urte betetzean eskola utzi, amaren bila bidaiatu eta azkenik marinel bizimodua hartzen baitu gazteak. Iniziazio prozesua ikus dezakegu, gurasoen etxetik... amaieran etxea saltzera doan eboluzioa. Bi ekintza horien artean, martxoko egunsenti batetik aita lurperatu ondoren harturiko erabakietara dagoen tarte horretan Joelen bizitzako misterio handiena argituko zaigu. "Aitak desagertzen dira. Amak, ez. Zerbait gertatuko zen".

Arestian aipatu dugu Joelen liburuetan ia-ia ez dela ezer gertatzen. Honetan, aldiz, bidaia batzuk daude, ekintza ugari, Suediako iparraldetik Amsterdameko portura, bere herri xumetik Rio de Jabeirora... baina, batez ere, barne bidaia dugu. Amarekin bat egitera, haren erabakia ulertzen saiatzera, aitarekiko zilbor-hestea apurtzera bidaia... baina ekintza, bidaia, gertakari horiek guztiak egonik ere, Mankellen kontatzeko era dugu, honetan ere, azpimarragarriena. Ukitu poetikoak (liburuaren izenburua bera), pertsonaien karakterizazioa, narrazioaren erritmoa, elkarrizketen indarra... ugari dira liburu hau irakurtzeko arrazoiak, baita gizakion nortasuna eta jokabideez gogoeta egiteko duen balioa, baina, zalantzarik gabe, garrantzitsuena liburuarekin gozatzeko dugun aukera paregabea da.

ATZERA