Liburua, irakurlea eta egin beharreko lanaren arteko bitartekari lana egitea dagokio bitartekariari.
Booktrailerra Euskara, Literatura edo Irakurketa bezalako ikasgaietan isolatuta lantzea baino hobe da Ikusentzunezkoak, Teknologia, Informatika edota Arte bezalako ikasgaiekin batera lantzea. Horrela, bitartekari bat baino gehiago izango dute ikasleek laguntza behar dutenerako.
Kasu gehienetan ikasleak alderdi teknologikoarekin edo edizioarekin ez du arazorik izango, baina booktrailerraren edukia behar bezala osatzeko laguntza edo orientazioa eskertuko ditu.
Ikasleek alde teknologikoarekin arazoak dituztenean eta irakasleak berak lagundu ezin dienean, ikastetxean arlo horretan dabilen profesionalaren laguntza lortzea izango litzateke onena.
Liburuaren gai nagusia, generoa, mezua, protagonisten ezaugarriak, garai historikoa, gertaera historikoak... Irakurgaiak era askotan landu daitezke eta liburu bakoitzari zuku handia atera dakioke.
Gogoan izan literatura eta irakurketa sustatzea direla lehiaketaren helburuak, nahiz eta horretarako bitartekari gisa teknologia berriak hautatu ditugun. Hortaz, liburua ondo lantzeak booktrailerrarentzat gidoi on bat osatzeko aukera gehiago emango dizkie ikasleei.
Booktrailerrak haur eta gaztetxoak irakurketara erakartzeko baliabide ezin aproposagoak dira. Hortaz, argi izan helburua eta gozatu!
Hona epaimahaikideek lanak baloratzeko kontuan izanen dituzten irizpideak:
- Iradokitzailea da, liburua irakurtzeko gogoa pizten du.
- Erakargarria eta originala da.
- Ez du liburuaren laburpenik egiten, ez du spoilerrik egiten.
- Euskara zuzentasunez eta era egokian erabiltzen du.
- Liburuaren datu garrantzitsuenak ageri dira: izenburua, idazlea (edota ilustratzailea) eta argitaletxea.
- Liburuaren azala agertzen da.
- Iraupena: laburra da. Ez du bi minutuko iraupena gainditzen.
- Irudiak: aproposak dira, kalitatezkoak eta haien artean koherenteak.
- Musika edo soinuak: aproposak dira eta bat datoz edukiarekin.
- Erritmo aproposa dauka, istorioarekiko koherentea.
- Ez dago soilik filmetatik edo internetetik hartutako irudiekin osatuta.