Irakurle esperientziak partekatu ditugu Gonagorri podcastaren 30. atalean

2024-11-27

Gonagorri podcastaren hirugarren zuzenekoa egin dugu eta dagoeneko entzungai dago. Gure gonbidatuak izan ziren Harkaitz Cano idazlea, Begoña Durruty ilustratzailea eta Lili Aizpurua eta Lide Santos irakurzale gazteak. Irakurle esperientziak partekatzeko bildu genituen Kutxa Kultur Klubean. Gure publikoa Oiartzungo Elizalde BHI eta Ordiziako Oianguren BHI ikastetxeetako ikasleak izan ziren.

Irakurle esperientzien elkar trukea abiatzeko honako galdera egin genien: zer dago lehenengo, irudia ala hitza? Abiapuntu berbera erabili genuen aurreko bi zuzenekoetan, eta oraingoan ere solasaldi oparoa sortu zen solaskideen artean.

Kontaketa Miren Alcalak egin zuen, maisuki egin ere; "Oilasko hegalak" (Erein argitaletxea, 2020) albuma ozen irakurri zigun. 

Liburu-gomendioa publikoaren artean zeuden bi ikaslek egin zuten. Grabaketak eman zuena entzungai duzue, ez galdu!