Ikusi Mikusi Azokaren webseriea Galtzagorriren webgunean
Galtzagorriren webgunean ahal beste berrikuntza egiten ditugu bizirik eta mugimenduan egon dadin. Oraingoan, batetik, Ikusi Mikusi Azokaren harira sortu dugun espazio berri bat aurkeztera gatoz. Hain justu, webserie edo bideoteka bat egin dugu euskarazko haur eta gazte literatura azoka bakarrean grabatutako bideoekin.
Batetik, azokari toki propioa egin nahi izan diogu gure webgunean, eta erabiltzaileek edizio berria egiteko zenbat denbora falta den, zehazki noiz egingo den eta, hurbildu ahala, egitarau osoa ikusteko aukera izango dute. Bestetik, gure sortzaileek, izan idazle, ilustratzaile, kontalari edo aktore, egiten duten lanaren erakusleihoa izateko xedea ere badu espazio berriak; hala, momentuz, gaztetxoek gure sortzaileei egindako elkarrizketak zintzilikatu ditugu Bideoteka izendatu dugun atalean. Hamaika elkarrizketa daude: Juan Kruz Igerabideri, Ainara Azpiazu Axpiri, Maite Gurrutxagari, Jokin Mitxelenari, Aitziber Alonsori, Asisko Urmenetari, Amets Arzallusi, Yolanda Arrietari, Mariasun Landari, Pello Añorgari eta Castillo Suarezi egindakoak daude. Kanalduderen laguntzarekin egindako proiektua da.
