Ikasleentzako formakuntza saioa egin dugu

2025-02-12

Otsailaren 4an Urnietako Egape BHI ikastetxean izan ginen, Liburu Gaztea egitasmoaren baitan antolatutako ikasleentzako bi orduko formakuntza saioa eskaintzen. DBHko 3 eta 4. mailako 13 ikasle bildu ziren guztira, “Nola ulertu ikus-entzunezko lengoaia booktrailer on bat sortzeko” izeneko saioan. 

Saioaren xedea inguratzen gaituzten soinu eta irudi bidezko mezuen atzean dauden estrategiak eta erremintak ezagutzea izan zen, ondoren ikasleek haien lan edo booktrailerretan erabiltzeko. Bertaratutako 13 ikasleak, bi mailatako ordezkari gisa etorri ziren formakuntzara eta, ondoren, haien ikaskideei azaldu beharko dizkiete bertan ikastikakoak.

Saio praktikoa izan zen. Ikus-entzunezkoen historian eta bilakaeran kokatzeko zenbait galderatatik abiatu ginen: Noiz egin zen lehenengo bideoa? Nolakoa zen? Historiako lehen bideoa zuek egingo bazenute, zer erakutsi nahiko zenukete? Zeintzuk dira egun ezagutzen ditugun ikus-entzunezko generoak? Horien artean topatu genuen, noski, gure generoa: Booktrailerra. Ondoren, ikus-entzunezkoen 3 sorkuntza faseetan murgildu ginen: aurreprodukzioa, produkzioa eta postprodukzioa. Horretarako, ikasleak kameralari lanetan aritu ziren: plano ezberdinak topatzen, adierazi nahiko genukeen araberako eszenak edo sekuentziak pentsatzen... Ez dugu zalantzarik bertan ikusi eta ikasitako guztia kideei ezin hobe helarazi eta lehiaketara aurkeztuko dituzten lanetan islatuko dela! 

Aurten, bigarren urtez eskaini dugu ikasleentzako formakuntza saioa zenbait irakasleren eskakizunari erantzun asmoz. Ikus-entzunezkoen artean jaio diren gazteei ere, etengabe kontsumitzen eta sortzen duten lengoaia horren atzean dagoena ikustaraztea eta erabiltzen ikastea dira formakuntzaren helburuetako batzuk, beti ere, Galtzagorri elkartearen helburua irakurzaletasuna sustatzea dela ahaztu gabe.