AURREKO EDIZIOAK > 2023-2024

Ohe elurtuan lo egin zuen mutikoa

  • Egilea: Henning Mankell
  • Argitaletxea: Erein
  • Urtea: 2003
  • Itzultzailea: Juan Mari Mendizabal
  • Bilduma: Perzebal
  • Orri kopurua: 256
  • Adina: 14tik gora
  • Nork hautatua: Yolanda Arrieta
  • Laburpena:

    "Rock errege batek gitarra jotzen jakin behar du.
    Artean ez zegoen erabat seguru zer aukeratu behar zuen. Rock errege izatea edo kanpin-karabana saltzaile izatea. Dibertigarriagoa zen rock errege izatea, noski. Oholtza baten gainean batera eta bestera labaintzea, gitarra eskuan duzula. "Hound Dog" kantatzea mikrofono baten aurrean. Eta oholtza azpian jendetza garrasika, batez ere neskak, berari iletik eta arropatik tira egin nahian.<BR>
    Aldi berean, pentsatu zuen aspergarri samarra izan behar zuela inoiz bakerik ez izatea. Beti argazkiak egin beharra. Inoiz betarik ez izatea ohean uzkurtu eta amets egiteko. <BR>
    Bere buruari galdetu zion rock errege batek inoiz umekeriarik egin ote zezakeen. Kezka sortzen zion horrek. Argitu egin beharko zuen hura".

  • Prentsako aipamenak:


    - Manu Lopez Gaseni, Behinola 10. zenbakia, 2004ko ekaina Gaztea bere arazoen aurrean, bakarrik

    Lan koherente eta bikaina egiten ari da Erein argitaletxea Henning Mankell-en Joel pertsonaia gazteari buruzko tetralogia argitaratzeko orduan (batez ere, egile beraren Kurt Wallander detektibearen eleberriekin Tusquets argitaletxeak egindako anabasarekin konparatuta).

    Izarretara begira zihoan txakurra (2001) eta Itzalak luzatu egiten dira ilunabarrean (2002) argitaratu eta gero, berriki plazaratutako ohe elurtuan lo egin zuen mutikoa hirugarren entrega hau irakurtzeko aukera dugu orain.

    Joel Gustaffson protagonista handitzen ari da, eta nerabezaroan bete-betean sarzten; hori dela eta, bizileku duen Suedia iparraldeko herri txikiko arazo ugariez gainera, barruan dituen kezkak ere gero eta handiagoak dira. Gaztea bere arazoen aurrean, bakarrik: amak etxetik ihes egin zuenetik aita Samuelekin bizi da Joel, baina aitak kanpoan lanean ematen du ia egun osoa; eskolakideekin ez da ongiegi moldatzen, eta bere kabuz ibiltzea nahiago du; eta hori guztia gutxi balitz, herri isolatu batean bizi da, babes gabearen sinbolo bihurtu den elurraz inguratuta (etekin handia ateratzen dio horri Makenllek, Joelen istorio guztiak elur-aroaren hasieran kokatuta); tren geltokia dago, baina bertako ordutegien taulan honakoa idatzi du norbaitek. "Hemen ez da trenik gelditzen. Mozoloak bakarrik gelditzen dira hemen".

    Urte berrirako Joelek bere buruari ezarritako promesa eta eginbeharrak jada ez dira ume batenak, gazte batenak baizik: biziaren laburrarekiko kezkak, sexuarekiko jakinmina, bizitzari aurre egiteko gogortzeko beharra. Izan ere, Gertrude sudurrik gabeko emakumeak esan dion bezala, "uste dut heldua izateko bidean zaudela".

    Aipatzekoa da Mankellen trebezia egoerak maisuki erakusteko, noiz poetikotasunez, nerabearen psikologia ezin hobeto islatzeko (12. atala), noiz erabateko naturaltasunez, Sonja neska helduarekiko enkontruaren kasuan bezala, 19.atalean, noiz patetikotasunez, aitaren alkoholzaletasun errekurrentearen aurrean Joelek erakusten duen ezintasuna kasu.

    Baina, halako batean, Joel bakarti eta kezkatua heroi bihurtzen da gehiegi penttsatu gabeko balentria handi bati esker, herriaren onespena jasotzen du eta, hori baino inportanteagoa dena, bere lehen musua ere bai.

    - HUHEZI. Haur Liburu Mintegia. Irakur Gida 2003 Narrazio honek Suediako 14 urteko gaztetxo baten historia kontatzen du. Aita-semeak, amak abandonatu ondoren, bizimodu nahiko latza eta gogorra eramaten dute: diruz juxtu, bakardade handian eta emakume baten presentzia eta goxotasunaren faltan. Mutila ez da nerabe arrunta, aitaren ardura hainbat aldiz hartu behar du eta. Baina, mutilak, aldi berean, amets batzuk dauzka: rock erregea izatea, herri hartatik ihes egitea, bere burua elur izoztuan lo eginez gogortzen ikastea, etab.

    Giroa oso ondo dago deskribatua: irakurlea murgiltzen da Ipar Europako herri batean, egun laburretan, gau ilunetan, pausoek elurretan ateratzen duten soinuan...;irakurleak mutilaren joan etorriekin bat egiten du.

    Pertsonaia nagusia, Joel, oso maitagarria da: bihotz onekoa, ausarta, mutil argia, bizitzaren lehenengo esperientzia batzuen subjektu normala (lehenengo musuak, amets erotikoak, etab.), ameslaria...

    Nobela intimista, erritmo lasaiduna...; ez dago abenturarik ez bada mutilaren barne abentura, bizitzako gauza txikietan oinarritutako bizi-abentura. Idazleak irakurleari ez dio ezkutatzen bizitzaren gogortasuna, baina, aldi berean, oso ikuspegi itxaropentsua eskaintzen du. Mezu moduan zera agertzen zaio irakurleari: bizitzan garrantzitsuena maitasuna eta maitatzen ditugunak dira.

    Gai ugari planteatzen dira nobelan: nerabetasuna, egoerak ama falta denean, alkoholismoa, heriotza, adiskidetasuna, esku zabaltasuna, etab. Merezi du liburua irakurtzea.

ATZERA