AURREKO EDIZIOAK > 2023-2024

Istorio amaigabea

  • Egilea: Michael Ende
  • Argitaletxea: Begiko
  • Urtea: 2019
  • Itzultzailea: Idoia Guillenea
  • Bilduma: Begiko
  • Orri kopurua: 560
  • Adina: 14tik gora
  • Nork hautatua: Lore Agirrezabal, Manu Lopez Gaseni
  • Laburpena:

    Iniziazio eleberritzat jo daitekeen obra mardula da, alegoria moduan interpreta daitekeen sinboloz betetako kontakizuna, bizitzaren hainbat gako errepresentatzeko ahalmena duena. Liburua luzea da, baina sinplea ekintzetan eta egituran (kontakizuna lineala da). Sinboloak arketipoak dira, eta beraz ez dute irakurlearen interpretazio arrazionala eskatzen. Liburua bukatzeko gogoarekin hartzen bada, nekez iritsiko gara amaierara; aldiz, bukaeran pentsatzen ez bada, edo bukatzea nahi ez bada, atsegin handia eragiten duen irakurraldia eskaintzen du.

    Bi tintatan argitaratuta dago: gorriz errealitateko munduko gertaerak idatzita daude, urdinez fantasiako muduko gertaerak. Sarrera bat dauka, eta 26 atal, aurkibiderik gabeak. Protagonista Bastian da, mutiko zorigaiztoko bat, ama hil zenetik aitaren maitasuna eskuratu ezinik dagoena, gizena, ahula, baldarra, eskolan mespretxatua. Egun batez, Bastianek liburu denda estrainio batean liburu bitxi bat lapurtzen du, eta eskolako ganbara abandonatuan irakurtzen jartzen da, ezkutuan. Liburua “Istorio amaigabea” deitzen da. Liburuan fantasiaren lurraldeko gertakariak kontatzen dira, epika askokoak, alegiazko izakiekin, asmagaitzak diren lurraldeetan. Une batean Fantasiako Lurraldea Bastianekin harremanetan jartzen da, lurraldea salbatzeko. Bastianek bertara jauzi egin eta, halako batean, lurraldea indarberritzea lortzen du. Kontakizunak aurrera egin ahala, ordea, itzultzeko bide zailari ekingo dio, ez gogo onez hasieran, hil ala biziko egoeran amaieran.

    “Badira Fantasiara joan ezin diren gizakiak, eta badira joan daitezkeenak, baina betiko han gelditzen direnak. Eta badira beste batzuk Fantasiara joan, eta itzuli egiten direnak. Zure antzera. Eta mundu biak sendatzen dituztenak” (556 orr.) esaten dio liburuaren bukaeran Koreander liburu-saltzaileak Bastiani. Bastian bera ere sendatu da.

ATZERA