Ikasleentzako formakuntza saioa egin dugu lehenengoz
Abenduaren 21ean Urnietako Egape ikastetxean izan ginen, Liburu Gaztea egitasmoaren baitan antolatutako ikasleentzako bi orduko formakuntza saioa eskaintzen.
DBHko maila guztietako 35 ikasle bildu ziren guztira, “Nola ulertu ikus-entzunezko lengoaia booktrailer on bat sortzeko” izeneko saioan. Saioaren xedea inguratzen gaituzten soinu eta irudi bidezko mezuen atzean dauden estrategiak eta erremintak ezagutzea izan zen, ondoren ikasleek haien lan edo booktrailerretan erabiltzeko.
Hala, saioa bi zatitan banatu zen. Lehenengoan, gazteen hurbileko adibideak erabiliz ikus-entzunezko lengoaiaren eta muntaiaren inguruko alderdi teorikoan murgildu ginen. Bigarrenean, aldiz, aurreko ediziotako booktrailerrak aztertu genituen, mezuak helarazteko dauden trikimailuak identifikatuz eta indargune zein ahulguneak partekatuz.
Aurten, lehenengoz eskaini dugu ikasleentzako formakuntza saioa, zenbait irakasleren eskakizunari erantzun asmoz. Ikus-entzunezkoen artean jaio diren gazteei ere lengoaia horren atzean dagoena ikustaraztea eta horiek erabiltzen ikastea dira formakuntzaren helburuetako batzuk, beti ere, Galtzagorri elkartearen helburua irakurzaletasuna sustatzea dela ahaztu gabe.