AURREKO EDIZIOAK > 2023-2024

Ikasleentzako formakuntza saioa egin dugu

2024-01-16

Abenduaren 15ean Markina BHI ikastetxean izan ginen, Liburu Gaztea egitasmoaren baitan antolatutako ikasleentzako bi orduko formakuntza saioa eskaintzen. DBHko 4. mailako 20 ikasle bildu ziren guztira, “Nola ulertu ikus-entzunezko lengoaia booktrailer on bat sortzeko” izeneko saioan. Egitasmoaren azken edizio honetan eskaini dugun bigarren formakuntza saioa izan da, Urnietako Egape ikastetxean eman genuenarekin batera. 

Saioaren xedea inguratzen gaituzten soinu eta irudi bidezko mezuen atzean dauden estrategiak eta erremintak ezagutzea izan zen, ondoren ikasleek haien lan edo booktrailerretan erabiltzeko.

Hala, saioa bi zatitan banatu zen. Lehenengoan, gazteen hurbileko adibideak erabiliz ikus-entzunezko lengoaiaren eta muntaiaren inguruko alderdi teorikoan murgildu ginen. Bigarrenean, aldiz, aurreko ediziotako booktrailerrak aztertu genituen, mezuak helarazteko dauden trikimailuak identifikatuz eta indargune zein ahulguneak partekatuz. Horrekin batera, booktrailerrak sortzeko prozesuan egin beharko dituzten storyboardak sortzeko tartea ere izan zuten.

Aurten, lehenengoz eskaini dugu ikasleentzako formakuntza saioa, zenbait irakasleren eskakizunari erantzun asmoz. Ikus-entzunezkoen artean jaio diren gazteei ere, etengabe kontsumitzen eta sortzen duten lengoaia horren atzean dagoena ikustaraztea eta erabiltzen ikastea dira formakuntzaren helburuetako batzuk, beti ere, Galtzagorri elkartearen helburua irakurzaletasuna sustatzea dela ahaztu gabe.