AURREKO EDIZIOAK > 2023-2024

Gipuzkoako Liburu Gaztea egitasmoaren hamabigarren edizioko sari banaketa ekitaldi arrakastatsua Tabakaleran

2024-05-29

Gaur, maiatzaren 29an, goizeko 11:00etan, 2023-2024 ikasturteko Liburu Gaztea lehiaketaren Gipuzkoako sari banaketa ekitaldia egin da Donostian, Tabakalerako Kutxa Fundazioa Klubean.

Bertan izan dira aurtengo Liburu Gaztea lehiaketako Gipuzkoako talde finalista eta irabazleak, aurtengo liburuaren trailerrik gustukoenak zeintzuk izan diren ezagutzen. Halaber, Beatriz Egizabal aurkezleak gidatutako sari banaketa ekitaldian izan dira Juan Kruz Igerabide idazlea eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Nagusia; lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean.

Horiez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen idazle eta editoreak ere izan dira ekitaldian: Arrate Egaña eta Idoia Garzes idazleak eta Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editorea, hain zuzen.

Aurten ere bi epaimahaik erabaki dituzte probintzia bakoitzeko irabazle nagusiak. Epaimahaiak honako adituek osatu dituzte: Irati Zaldua (Gipuzkoako epaimahaikide) eta Nader Koochaki (Gipuzkoako epaimahaikide), Ane Lusarreta (Bizkaiko epaimahaikide) eta Aurelio Erdozain (Bizkaiko epaimahaikide). Publiko zabalak, berriz, boto bidez erabaki ditu publikoaren bi sarien irabazleak.

Guztira, lau sari banatu dira:

  • Epaimahaiaren sariak: DBH1-2 multzoko irabazleek eta DBH3-4 multzokoek abentura txangoa eta liburu eta diskotan gastatzeko 250 euroko bonua irabazi dute.
  • Publikoaren Sariak: boto bidez erabaki dira eta sari bana eman da kategoria bakoitzeko (Ikastetxeak eta Norbanakoak). Irabazleek escape room baterako pasea eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonua jaso dute.

Ekitaldia streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izan dute talde finalisten gelakideek, eta ziur gaude irabazleen emozio eta tentsio berberaz ikusi dutela sari-banaketa.

Parte-hartze handia

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 42 ikastetxek hartu dute parte lehiaketa bikoitz honetan. Bizkaiko Foru Aldundiari esker bigarren aldiz Bizkaian egin den lehiaketan Bizkaiko DBHko 16 ikastetxek eman dute izena; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta hamabi urte bete dituen lehiaketan, berriz, Gipuzkoako 26k. Guztira, 3.000 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak. 362 booktrailer sartu dira lehiaketan: 357 Ikastetxeen kategorian eta 5 norbanakoenean.

Sari nagusiak

Gipuzkoan, Ikastetxeen kategorian, DBH 1-2 multzoan, VIP taldea izan da garaile, Coraline (Elkar, 2019) liburuaren booktrailerrarekin. Hortaz, Irungo Eguzkitza BHI ikastetxeko taldearentzat izan da sari nagusietako bat. Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Nagusiaren eskutik jaso dute.

Epaimahaiaren iritzia: “Lan honek ukitu egin gaitu. Bere soiltasuna nabarmendu nahi dugu eta zenbait eszenek gogoan iltzaturik geratzeko duten ahalmena. Gidoia ondo landu dute eta antzezpen lan bikaina egiten dute. Musika oso aproposa da eta muntaia txukuna osatu dute. Ikus-entzunezko baliabideak ez dira gehiegikeriaz erabiltzen, hau da, ez dira liburuaren gainetik jartzen. Istorioaren zertzeladak emateko gai da, booktrailer baten ezaugarri guztiak ditu eta jakinmina pizten du”.

Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, KIXMI GALAXIARRAK taldeak Kixmi elurpean (Elkar, 2005) liburuari buruz egindako booktrailerra izan da onena epaimahaiaren iritziz. Jesuitinas Donostia ikastetxeko ikasleek osatzen du talde hau eta haientzat izan da sari nagusia. Saria Arrate Egañak, Kixmi elurpean liburuaren idazleak, eman die.

Epaimahaiaren iritzia: “Intentsitate bat du lanak, ikuslearen arreta bereganatzen duena. Gehiegi kontatu gabe, istorioaren gakoak ukitzeko gai da. Erritmo bizi-bizia du, booktrailer batean garrantzitsua dena, eta antzezpen lan bikaina egiten dute. Ongi hautatutako planoak eta musika baliatuz muntaia txalogarria egin dute”.

Publikoaren Sariak

Publikoaren Sariak ere ekitaldian eman dira jakitera. Guztira, 2.054 bozka bildu dira aurten.

Ikastetxeen kategorian, Gipuzkoan, Elgoibar Ikastolako TXISTULARIAK taldeak irabazi du 139 bozkarekin, Idoia Garzesek idatzi eta Belatzek ilustratutako Kukuaren kantua liburuaren booktrailerra eginez. Antxiñe Mendizabal editorearen eskutik jaso dute saria eta Idoia Garzes idazlea ere bertan izan da.

Norbanakoen kategorian, aldiz, Aner Murillok, Andrea Castañok, Leire Burdellek, Irati Martinek eta Aiala Gavilanek osatutako talde eibartarrak irabazi du. Gaztetxoak haien kabuz aurkeztu dira lehiaketan eta, publikoaren aldetik, norbanakoen kategoriako lanik gustukoena izan da eurena. Juan Kruz Igerabide idazle eta Galtzagorri elkarteko lehendakariak eman die saria.

Giro aparta izan da gaur Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean. Mila esker guztioi bertan parte hartzeagatik eta zorionak irabazleei!