AURREKO EDIZIOAK > 2020-2021

Kontu zaharrak

  • Egilea: Joxe Arratibel
  • Argitaletxea: Erein
  • Urtea: 1995
  • Ilustratzailea: Antton Olariaga Aranburu
  • Orri kopurua: 195
  • Adina: 12tik gora
  • Nork hautatua: Migel Asiain, Xabier Etxaniz, Juan Kruz Igerabide, Manu Lopez Gaseni
  • Laburpena:

    Ahozko ipuingintza aberatsa izan da mende luzeetan zehar. Jende asko ibili da urteetan, ahozkotasunaren harribitxiak xarmanduta, non bildu eta gorde asmatu nahian. Soilik idazle baten maisutasunak ziurta lezake halakorik, ordea. Non aurkitu baina idazle hori? Ez dira hain ugariak, altxor horren distirak barru-barrutik aletuta paperera bihurtzeko gai izan direnak. Horietako idazle bat, guztien artean gailurra, Joxe Arratibel da. Izan ere istorio hauek, kontalari handi baten sena erakutsiz, gure ahozko mende luzeen arnasa jaso dute ahurka "Kontu Zaharrak" liburu honetan. Urruneko garaiek hitz egiten digute bere lerroetan, euskaraz nahiz erdal hizkuntza askotan kontatu eta aditu ahal izan diren istorio ugari: Kontu zaharrak. Kontu betikoak.

  • Prentsako aipamenak:


    - Amaia Iturbide, Egunkaria 1996ko martxoaren 16a Ipuinetan sinisten dugunok Joxe Arratibelen "Kontu zaharrak" (Erein, 1995) amesteko lehengaiak ditugu. Eta ez hori bakarrik. Betiko euskara zaharra mintzagai, antzinako mundu magikoan murgiltzeko aukera eta eredu ere badira. Joxe Arratibelen ahotik hartuta, ipuinok entzutean liluratu egin gabeko belarririk, bidaiarik egin nahi ez duen begirik, Euskal Herriko ahozko ipuingintzaren berezko kutsuak hemen baitirau lehenbiziko egunean bezalaxe. Hitza, antzinako labe horietako batean umotua eguzkia bailitzan; hitza, kanpotik bipiak jotako, baina barrutik txukun dagoen armairu horietako batean bere horretan gordea sagarraren antzera; hitza, oroimenaren ispilu; hitza, ahoaren gozagarri eta sentimenduaren altzoa; hitza, haurtzaroa berreskuratzeko saioa eta saio horren barruan ibiltzeko bidea. Amona eta intxaursalda. Aitona eta pikondoa. Eta gu barruan daramagun umea azaltzeko eszenatokia.

    Kontu zaharrotara hurbilduak opil zaporeko eguzkirik, belardi adar jotzailerik, noiz behinko zorririk edo sarri askotako zorrik topatuko du. Mamia ez ezik azala ere oso kontuan hartu beharrekoa baita, nola esaten den zer esaten den adinakoa delako. Atxagak berak aitortu, Gabriel Aresti, Joseba Sarrionandia eta Joxe Arratibelen liburuekin berealdiko ustegabeak jaso omen zituen. Eta Atxagaren hitzetan "haurrek eskoletan Arratibelek idatzi duen bezalako liburuak irakurri beharko lituzkete eta ez egun irakurtzen dituzten erdara gordinetik itzulitakoak".

    Liburu zaindu honek Iturriren azala du, barnealdean Migel Anjel Elustondok fraile beneditar honi eginiko elkarrizketa dakar, egilearen haurtzaroa, etxeko eta garaiko giroa edo bizitzan zeharreko joan-etorriak eta bizipenak ezagutu ahal izateko; eta jarraian ipuiak, kontu zaharrak, giltzapeko kutxa eskuzabalak. Batzuk bere aita eta amari edo beste senideren bati entzunak bezala emanak, tartean herrikoiak eta bertsio anitzekin... baina esateko eran Arratibelenak. Eta ipuinarekin bateratsu poesia, bi jeneroak eten, tentsio (indar kontrajarrien elkar aurkitze) eta detaile salagarri eta liluragarrien kume. Eta oroz gainetik, irudiaren gardena eta hitzaren iturri.

    Ipuin tradizionalak altxor preziatuak dira, galderen pausalekuak, azpian bizi-bizirik mitologia dagoelako: herri eta kultura bakoitzak duen bizimodu eta pentsamoldearen, hots, mundua antolatzeko eta interpretatzeko moduaren azalpena, eta ez fantasiazko ipuin bilduma hutsala.

    Euskal ipuinetara itzuliz, bi dira, batez ere, indarra hartzen duten puntuak: alde batetik, ikuspuntu mitikoa bere kosmogonia propioarekin eta bestetik, ahozko literatura, herri xeheak mendez mende eta ahoz aho ehotutako bertsogintza.

    Honatx, bada, Joxe Arratibelen kontu zaharren usaia eta gozoa, oroimen landua eta herri-jakintza.
    - Xabier Etxaniz Erle, egunkaria 1996ko apirilaren 13a Altxor txiki bat

    1980an liburu zahar bat argitaratu zen euskaraz, Joxe Arratibelek idatzitako "Kontu zaharrak". Berrogeita hamar urte lehenago entzundako moduan idatzi zituen ipuin horiek Arratibelek, eta alde horretatik liburua zaharra zen, erromantizismoaren garaira eramaten baikintuen, supazterreko kontakizunetara, sutondoaren inguruan argirik gabe ipuinak entzuten ziren garaira.

    Baina zaharra izanik liburu berezia zen, altxor txiki bat, gure kultura eta gure ohituren zati bat ateratzen baitzuen argira. Inguruko herrialdeetako tradizioari, kontakizunei, literaturari, kasu eginda gurea bazterturik, ezkutaturik zegoen eta Arratibelek, zati txiki bat behintzat, plazaratu egin zuen "Kontu zaharrak" liburua argitaratzean.

    Ziur naiz bat baino gehiago harrituko dela "Mari Xor" ipuina irakurtzean, Grimm anaien "Marierrauzkin" ezagunaren parean euskarazko aldaera hori ikustean. Edo Txerri Beltza, Etsai zaharra eta sagarra eta beste ipuin batzuen maila ikustean. Ziur naiz bat baino gehiago harrituko dela "Lapurren Leiza" ipuinean "Ali Baba" haren antza aurkitzean, eta abar. Zoritxarrez horrelako gertaerek harritu egiten gaituzte ez dugulako gure kultura ezagutzen, bertan ditugun altxorrak bazterturik ditugulako. Alde horretatik pozgarria da Erein argitaletxeak, eta Miel Anjel Elustondok egin duten lana liburu hau berrargitaratzeko, eta euskera batuan.

    Ipunetan nolabaiteko mezua nabaritu arren, mezu erlijiosoa zenbait kasutan, Ama Birjinak Mari Xorri laguntzen dionean, esate baterako; mezu soziala gizartearen banaketan erregeak goian izatean, eta abar, horrelako ipuinetan agertzen diren mezuak azaldu arren, gizarte aldaketak eta denbora aldetik dagoen tarteak gutxitu, murriztu egiten dute mezuaren eragina... eta era berean indartu ipuinen balio estetikoa. Hori bai, ipuinek beren gordintasuna dute, bukaera bortitzekin, sutan erretako sorginak...

    Liburuan dauden 22 ipuinen artean badira desoreka nabarmenak, "Aralango txabola" gertaera batetik dago hurbilago ipuin tradizional batetik baino, baina "Txerri Beltza" oso biribila da antzinako ipuinen egiturari dagokionez. Badira ere kanpoko ipuinen antza dutenak, eta ez arestian aipatutako ipuin ezagun horiekin bakarrik; "Pernandoren zorrak" edo "Morroi azkar bat" ipuinen Txinako aldaerak aurki daitezke "Berdez jantzitako neska" liburuan.

    Joxe Arratibelek Bilboko egunkari batean zioen bezala, ipuinen helburua denbora ematea da, hots, entretenitzea. Eta "Kontu zaharrak" liburuan agertzen diren hauek berehala harrapatzen dute irakurlea, edo entzulea, irakurtzeko bezala kontatzeko ere oso aproposak baitira. Beste alde batetik, Antton Olariagak egindako irudi bizi, egoki eta errealistak aparteko indarra eman diote testuari, kontakizunetako giroarekin, antzinako giro horrekin bat eginik.

    Nire ustez, Grimm, Andersen edo Perraulten ipuinen ondoan Arratibelen kontu hauek egon beharko lukete, etxean edo eskolan edo delakoan.
    - Felipe Juaristi, Diario Vasco Etxean entzundakoak

    Joxe Arratibel ataundarrak liburu bat baino gehiago idatzi du, “kontu zaharrak” kontatuz. Orain, kontu horietako asko argitaratu ditu Erein argitaletxeak, formato berezian, Antton Olariagaren marrazkiak lagun dituela. Liburu honen sarrera moduan, Miel Anjel Elustondo azpeitiarrarekin egindako elkarrizketa luze bat ageri zaigu. Bertan, Joxe Arratibelek, bere bizitzako zatirik garrantzitsuenak argitzeaz gain, berak kontatzen dituen ipuinen jatorria aitortzen digu: “Aitagandik jaso nituen, beharbada, inportanteenak: ‘Txerri Beltza’, ‘Ehiztaria eta bi txakur”, Etsai Zaharrenak… Beste batzuk amarengandik, auzoko batengandik… Beste batzuek, berek ikusi edo bizitakoak bezala esaten zituzten. Esate baterako, Aingeru-goardakoarena”. Dena dela, ipuinen zerrenda ikusirik, garbi dago iturri bat baino gehiago dutela, izanez ere, zenbait ipuin Europako tradizioan agertzen baitzaizkigu. Esaterako, eta besteak beste, “Mari Xor”, “Blanca Nieves”… Mundu guztikoak dira ipuin horiek. Duela gutxi agertu zen kalean Julio Camarenak Maximo Chevalierrekin idatzitako liburu bat, “Catálogo Tipológico del Cuento Folklorico Español-Cuentos Maravillosos”. Laurehun baino gehiago guztira. Kontu guztiei jartzen die non agertzen diren beren antzekoak. Tartean euskaldunak, noski.

    Oso urruti joan beharrik ere ez zuen izan ipuin ederrak entzun eta dastatzeko. Elkarrizketa horretan bertan aipatzen du arto zuritzean giro ona egon ohi zela kontuak esateko. Era berean, kontuak urtetik urtera berdintsuak izaten zirela baina alde handia zegoela batek konttau edo besteak kontatu: “Bazen gure auzoan itsu bat. Mikelete sartzeko zebilela itsutu omen zen, mina-zulo batean tiro bat ustegabe lehertu zitzaiolako. Hark doai berezia zuen kontuak kontatzeko. Gu ahoa zabalduta egon ohi ginen hari entzuten. Berak ez zigun behin ere esan nolaz itsutu zen. Nik uste dut zerbait ikusten zuela. Bizarra moztu behar zuenean, ispilua jarriko zuen aurrean eta kandela bat piztu”.

    Kontaera bera da ederra. Grazia aparta du Joxe Arratibelek esan behar duena esateko. Gazteek eta helduek leitzeko moduko ipuinak dira liburuan bildutakoak; edo nahi izanez gero, norbaitek ahots sendoz irakurtzeko modukoak. Joxe Arratibelek tradizio bati eusten dio, gure ahozko literatura gal ez dadin. jarraitzaile da, neurri handi batean, Azkue, Barandiaran, Satrustegi, Azurmendi eta horrelakoena.
     

ATZERA