AURREKO EDIZIOAK > 2020-2021

Kandinskyren tradizioa

  • Egilea: Ramon Saizarbitoria
  • Argitaletxea: Erein
  • Urtea: 2003
  • Bilduma: Bioleta saila
  • Orri kopurua: 88
  • Adina: 16tik gora
  • Nork hautatua: Asun Agiriano, Migel Asiain, Juan Kruz Igerabide
  • Laburpena:

    "Behin batean, amak liburutegitik jaso ohi zituen liburuen artean, "Kandinsky eta ni" izenburukoa atzeman nuen, pintorearen alargunak idatziriko memoria liburu bat, zeinean oso anekdota bitxia ageri den. Dirudienez, antzinako ohitura bati jarraiki, tsarren Errusian, Urtezahar eta Urteberri arteko gauean, neska gazteak kalera ateratzen ziren aurkitzen zuten lehendabiziko gizonari izena galdetzeko, ustea baitzen hura bezala deitzen zen batekin ezkonduko zirela. [...]

    Anekdota irakurri nuenean abenduaren lehendabiziko egunetan geunden eta, auskalo zergatik, horrelako eroaldiak izaten baititugu, zera sartu zitzaidan buruan, Errusian balekoa zenak balio behar zuela hemen, eta erabaki nuen neuk ere, Kandinskyren emazteak bezala, saioa egin behar nuela".

    Hauxe da liburuaren hasiera distirantea. Aitor eta Manu: bi izen, bi izakera, bi sentipen, Mirenen bizitzan. Aitor ala Manu izan, egiazkoa ala fantasiazkoa izan, maitasuna bera da maite duguna.

  • Prentsako aipamenak:


    - HUHEZI. Haur Liburu Mintegia. Irakur Gida 2003 Hau da Saizarbitoriak gazteentzat idatzi duen lehenengo nobela. Kontakizun honetan maitasunaren eta lehen amodioaren gainean neska erromantiko batek dituen gorabeherak kontatzen dizkigu. Aintzinako ohitura errusiar batekin hasten da. Errusiar tradizioak dio urtezahar eta urteberriko gau artean neskek kalera irten eta aurkitzen zuten lehen gizonari izena galdetuz gero, hura bezala deitzen zen batekin ezkonduko zirela.

    Protagonistak, Mirenek, bi maitasun istorioen berri emango digu, bata ametsezkoa eta bestea, errealitatezkoa. Bien arteko etengabeko kontrajarpena azalduko da liburuen zehar: fikziozko maitasun istorioa neskarentzat maitasun istorio ideala litzateke: errealitatekoak, berriz,ez du, saiatu arren, maitasun idealarekin inongo antzik. Esaterako, Aitorrek gehienetan azaltzen duen umore txarra eta zakarkeria etsigarriak egiten zaizkio.

    Idazleak erakusten digu, aitorren pertsonaia erakutsita, mutilak ez direla gai sentimenduak erakusteko. Beraz, identifikaziorako balio dezakeen nobela da, eta ez bakarrik neskentzat, mutilek ere nahiko ondo islatuta ikusiko baitute euren burua. Era berean, helduek irakurtzeko ere oso liburu interesgarria da, heziketaren inguruan hainbat zalantza mahaigaineratzen du-eta.

    Istorioa oso sinesgarria egingo zaio edozein gazteri, paternalismotik at,naturaltasun handiz. Bukaera zoriontsua, bukaera biribila, hasierarekin lotzen da, baina Miren, hasieran eta amaieran ez da berdina izango, esperientziaz sendotuta aterako da eta.
    - Asun Agiriano, Behinola 10. zenbakia, 2004ko ekaina Hau da Saizarbitoriak gazteentzat idazten duen lehenengo nobela. Iaz Donostiako liburu-azokan bigarren liburu salduena izan zen, Unai Elorriagaren "SPKo tranbia"ren atzetik. Oraindik orain, gaztelaniaz ere argitaratu da, Centro de Lingüistica Aplicada Atenea argitaletxearen eskutik.

    Narrazioa Kandysky pintorearen emaztearen anekdota batekin hasten da. Aitor da urtezahar gauean Mirenek kalean ikusten duen lehenengo mutila. Errusiar tradizioak dio elkarren izenak asmatuz gero, betirako elkarrekin egongo direla. Harreman hasi berria den hori betirako izatea nahiko luke Mirenek, ez du banantzerik gura, nahiz eta askotan mutilaren ondoan gaizki sentitu.

    Mirenen eta Aitorren harreman intimoa kontatzen digu liburuak. Neskaren ikuspuntutik idatzita dago eta bere aurreneko sexu-esperientzia ere azaltzen digu. Miren neska sentibera da, Aitor zakarra eta ixila den bitartean.Mirenek erromantizismoz betetako harremana nahiko luke. Horregatik, mutiko ideal batekin egiten du amets, Manu izeneko batekin, alegia. Baina errealitatea askoz gordinagoa da, Aitorrek gehienetan azaltzen duen umore txarra eta zakarkeria etsigarriak egiten baitzaizkio.

    Aitor galduta bezala agertzen da; itxura batean harro-harroa, baina ahula eta koldarra, arazoei aurre egin behar zaienean; nesken aurrean, oilarrak moduan eta baldar samarra jokaeretan.

    Idazleak erakusten digu, Aitorren pertsonaia erabilita, mutilak ez direla gai sentimenduak adierazteko. Beraz, identifikaziorako balio dezakeen nobela da, eta ez bakarrik neskentzat, mutilek ere nahiko ondo islatuta ikusiko baitute euren burua. Era berean, esango nuke, idazlearen luma trebeari esker, helduek irakurtzeko ere oso interesgarria dela, heziketaren inguruan hainbat zalantza mahaigaineratzen du-eta.

    Saizarbitoriaren liburu honen irakurketak gustu mingotza uzten du, neska-mutil gazteak nerabezaroan zein bakarrik dauden erakusten baitigu, elkarren arteko harreanak zenbat buruhauste ekartzen dizkien, gehienetan intuizioaren arabera jokatzen dutela, beti hanka sartzeko beldurrez. Gure barruko alderik intimoena ukitzen digu, eta gazteak bizi duten egoeraz jabetzen joango gara. Irakurri ahala, historian sartuko gaitu idazleak. Neska emakume bihurtzen den heinean, geu ere, irakurriz, hazten joango gara.

    Horrela, bada, paternalismotik at, naturaltasun handiz, istorioa oso sinesgarri egingo zaio edozein gazteri. Saizarbitoria neska gaztearen larrupean jartzen da eta onik ateratzen da probatik, neska sendatuta ateratzen den moduan. Amaieran, irakurleak arnasa hartuko du, idazleak esperantzari atea irekitzen baitio.

    Mirenek amesten jarrai dezake, bizitzen ikasteko gogoa izaten eta... guri, irakurleoi, idazleak adorea ematen digu baikorrak izaten segitzeko.
    - Istorioa: Abiapuntutzat Kandinskyren emaztearen anekdota bat hartuz, neska gazte baten aurreneko sexu esperientzia kontatzen digu Saizarbitoriak. Amodiozko istorioa esatea gehiegi esatea litzateke, neskak bere buruan irudikatu duen mutil idealak ez daudelako zerikusirik aurreneko aldian egokituko zaion mutil zakarrarekin.

    Emaitza: eleberri hau (84 orrialde) bezain gustagarria. Saizarbitoriak trebeziaz eta naturaltasun handiz kontatzen digu neska gazte ameslariaren gorabeherak. Egileak idealaren eta errealitatearen arteko kontrastearekin jolasten du; hasieran ematen du protagonista alferrik dabilela ametsetan, haren erromantizismoak behin eta berriro joko baitu errealitatearen kontra, baina bukaera zoriontsuak besterik adierazten du, errealitate idealaren pareko izan daitekeela alegia. Baten batek esan lezake bukaera biribilegia dela, baina, zer arraio, amaiera "irekiak" horren modako dauden honetan gustura irakurtzen da pelikuletako the end horietako bat.

    Nabarmentzekoa: egileak pertsonaiak eraikitzen erakusten duen abilezia. Saizarbitoria neska gazte baten larruan sartzen da narrazioan, eta onik ateratzen da probatik: nerabe sinesgaria eraikitzeaz gainera, nola heltzen den erakusten digu, hasierako eta bukaerako Miren ez baitira pertsonaia bera. "Rosetti-ren obsesioa" eleberrian bezala, honetan ere gizonezkoak barregarri samar gelditzen dira: sentimenduak adierazteko gai ez diren pertsonaia baldarrak. Gizajoak.

ATZERA