AURREKO EDIZIOAK > 2019-2020

Harry Potter eta Azkabango presoa

  • Egilea: J.K. Rowling
  • Argitaletxea: Elkarlanean
  • Urtea: 2001
  • Itzultzailea: Iņaki Mendiguren
  • Bilduma: Harry Potter
  • Orri kopurua: 352
  • Adina: 12tik gora
  • Nork hautatua: Manu Lopez Gaseni
  • Laburpena:

    Harry Potter, bere adiskide onenak diren Ronekin eta Hermionerekin batera, hirugarren ikasturtea hastera doa Hogwartseko sorgin eta azti-eskolan. Harry irrika bizian dago udako oporrak bukatu eta eskolara itzultzeko (eta nor ez litzateke egongo Dursleytar gogaikarriekin biziko balitz?). Baina Harry Hogwartsera iristen denean, urduritasuna eta egonezina aurkituko ditu han. Hiltzaile bihozgabe bat aske dabil, eta Azkabango espetxeko zaintzaile beldurgarriak eskola inguruan dabiltza orain hiltzailearen bila...

     

  • Prentsako aipamenak:


    - Javier Rojo, El Correo 2002ko maiatzaren 22a Harry Potter-ek protagonizatzen duen hirugarren liburua da "Harry Potter eta Azkabango presoa". Orain, hedabideen presioa pixka bat leundu delarik, uste dut perspektiba handiagoarekin hitz egin daitekeela J. K. Rowling-ek asmatutako pertsonaiaz eta haren abenturez. Lehen konstatazioa: Planteamendu berbera jarraitu arren (Hogwarts-en pasatutako ikasturte bat kontatzen da), aurreko liburuekin konparatura argi dago Rowlingek askoz eleberri osatuagoa lortu duela honetan. Batzuetan atalka idatzitako liburuaren itxura mantentzen du, baina argumentua ondo lotuta dator eta ez dauka hutsune nabarmenik. Esan daiteke Rowlingek, berak asmatutako munduarekiko koherentzia osoa gordetzen jakin duela. Badaude irudimenezko osagaiak, ezin bestela izan, Potteren nobela bat irakurriko badugu, baina honetan ez dirudi argumentua gauzatu ahal izateko ezerezetik ateratako osagaiak direnik. Bigarrena: Nobela honetan protagonistaren izaera tragikoan sakondu da, zeren ezin dugu ahaztu Potter, azken finean, tragediak markatutako pertsonaia dela, eta penagarria dirudi honek ematen dituen aukerak ez aprobetxatzeak. Eta, nobelaren unibertsoa koherentziaz eta tragediaz jantzi den neurrian, protagonistak helduago ematen du.
    - Mondragon Unibertsitateak argitaratua Harry Potterren abenturazaleek ez dute aspertzeko betarik izango hirugarren liburu honekin. Aurreko bien ildo beretik datorkigu honako hau: osaba-izeba higuingarriak, ikasgai berri eta zirraragarriak, quiddictch-eko partida borrokatuak, magiazko osagai berriak etab. Nolanahi ere, errepikapenean erori barik, abentura eta misteriozko kapitulu berriez gozatzeko aukera izango du irakurleak.

    Hirugarren atal hau Harryren iraganean oinarritzen da, bere gurasoak hil zireneko ekintza ilunean. Ekintza horren inguruan gorpuztuko du idazleak argumentu osoa, berak maisuki erabiltzen dituen elementu magiko eta zirraragarriez baliaturik: margolanetatik irteten diren pertsonaiak, jendearen kokalekua uneoro markatzen duen mapa magikoa, animalia bihurtzen diren aztiak, denboran barrena bidaiatzeko erloju bitxiak etab.
    Aurreko bi liburuetan protagonismo osoa Harryk bereganatzen bazuen —bera baitzen Lord Voldmort maltzurraren aurka borrokatu eta irabazle ateratzen zena, aldian aldiko bere lagunen laguntzarekin—, oraingo honetan, bere bi lagunek Harryk bezainbesteko protagonismoa bereganatzen dute, batik bat Hermionek. Badirudi idazleak, aurreko liburuen ildotik kaleratutako zenbait kritiken haritik, non Harryren gehiegizko protagonismoa eta emakumezkoen partaidetza urria egozten baitzaizkio, Hermioneren partehartzea eta garrantzia handitu nahi izan dituela.

    Orain arte euskaraz argitaratutako Harry Potter sailaren lanik borobilena da honako hau, bai argumentuaren oparotasunagatik, bai pertsonaien karakterizazio bikainagatik. Istorioan zehar agertzen diren pertsonaiak ez dira iraunkorrak, ikuspuntu eta ñabardura ugari erakusten dituzte, eta argumentuari aberastasun handia eransten diote. Argumentuaren korapiloan barneratu ahala, ustekabeak eta harridurak ugaldu egingo dira, zaila bilakatzen baita istorioaren nondik norakoak asmatzea. Horra hor hirugarren liburu honen gakoetariko nabarmenena. Izan ere, egileak maisutasun paregabea erakusten baitu ezusteko egoerak eraikitzeko, irakurlea txunditzeko, harritzeko xedearekin. Bestalde, argumentuaren korapiloan barneratzen garen heinean, ekintzak bizitasun handiarekin gauzatuko dira, etenik gabe, irakurleari atseden unerik utzi gabe. Ildo horretatik aipatu behar da liburuaren irakurketak arreta berezia eskatzen duela, bertan agertzen den pertsonaien andana handiak eta gauzatzen diren ekintza ugariek horrela eskatzen baitute. Egile ingelesak, ezbairik gabe, lan borobila burutu du hirugarren lan honekin, liburu honen irakurketara hurbiltzen den irakurle orori, gazte nahiz helduri, ustekabe eta harridurazko une atsegin eta zirraragarriak eskainiz.



     

ATZERA