Bambulo III. Ternuako penak
- Egilea: Bernardo Atxaga
- Argitaletxea: Erein
- Urtea: 1999
- Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor
- Orri kopurua: 120
- Adina: 12tik gora
- Nork hautatua: Migel Asiain, Manu Lopez Gaseni
- Laburpena:
Bambulo Zakur Investigator-en idazkariak jo eta ke segitzen du lanean. Hirugarren liburuak Bambuloren eta bere lagunen kontu berria dakar, oraingoan Maria neska ttikiaren aitak kontaturik. Ez da zuzen-zuzen eta bete-betean gai bambulotarra, baina ipuin gisa sartu du egileak testu hau Bambuloren liburuan. Eta, zinez, merezi du! Urkizu marinel gazteak orain ehun urte baino gehiago Terranovan izandako ibilerak kontatzen dira Ternuako Penak honetan. Euskal Herritik ateratako arrantzontzi bat Kanadaraino joango da bakailaoa harrapatzera. Hamabi gizonek osatzen dute eskifaia, eta haiekin doa Urkizu ere, hamabost urteko mutiko bizkor eta hizkuntzetarako trebetasun handikoa. Euskaldunek ez dute iskimauekin harremanetan asmatzen eta, sarri, zapuztu egiten dira tratuak. Urkizuk haien hizkuntza ikasiko balu, beharbada, harremanak errazago gauzatuko lituzkete. Helburu horrekin, negua, negu luzea emango du Urkizuk iskimauen artean, kanta zaharra gogoan:
Ternuan dira salbaiak
ere iskimau etsaiak
Giza bestia krudelak
hilik jaten marinelak.
- Prentsako aipamenak:
- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 2. zenbakia, 2000ko apirila TERNUAREN GOGORRA
Bambuloren hirugarren entrega dugu Ternuako penak izeneko hau. Aurreko bietan bezala Bambuloren idazkariak kontatzen dizkigu liburuan agertzen diren kontuak, baina oraingoan bada ezberdintasun nabarmena: Bambulo, edo honen familiarrak, aurrekoetan baino askoz gutxiago agertzen da.
Argitaletxe eta produkzioaren komentario ironiko umoretsuaren ondoren, eta argitaletxeko zuzendariak eskatu bezala, aurreko liburuan geratu ziren afarian –Bambuloren krisiaren amaieran- du abiapuntua oraingo liburua. Kontakizun nagusia, ordea, eta arestian aipatu bezala, ez da Bambuloren aurrekoen inguruan afari horretan Ternuako marinelak esandako istorioa baizik.
Atxagak, beraz, aurrekoetako egitura hautsi eta Bambuloz baliatu da istorio interesgarria, hunkigarri eta, zergatik ez, gordina azaltzeko. Ternuako neguan jazotako istorioa. Inuiten hizkuntza ikasteko bertan geratzen den marinel gazte euskaldun baten istorio dugu hau; eskimal (edo inuit, hobe esanda) hauen bizimodua egingo du Urkizu gazteak, haietako batzuen laguna izan eta ziba dela medio, haurrekin, gazteekin eta baita atsoekin amaieran, lagun harremana lortuko duen gaztea, harik eta egoera benetan gogortu arte. Goseak kanpamenduko egoera aldatuko baitu, lege zorrotza ezarri, janaria murriztu eta azkenean zoramenera iritsiko dira zenbait buruzagi.
Kontakizun aparta da, hasieratik harrapatzen zaituena, entretenigarria hasieran, itogarria bukaeran. Pertsonaiak, hauengan ematen diren aldaketak, jokabideen zergatia… primeran adierazten dira, nahiz eta zenbait unetan ez jakin zer gertatzen den Urkizuren dendatik at; gaztea baita istorioa guregana ekarri duena.
Amaiera zoriontsu eta gozoa nahi duenak ez du hemen horrelakorik aurkituko; Ternuako lurraldeak bezain gogorra baita hango bizimodua, hango bizimodua bezain gogorra baita egoerak, goseak, beharrak egitera behartzen gaituena. Baina, eta hori ere egia da, liburua ez da drama bat, ez du amaiera txarrik ere (Urkizuren zorionerako, jakina, eta gure onerako istorio gabe geratuko baikinen bestela).
Zentzu batean nobela iniziatikoa dela esan dezakegu, Urkizuk hamabost urte ditu inuitekin geratzea deliberatzen duenean; hilabete batzuk geroago gizon eginda aurkitzen dute lagunek. Baina aldaketa hori ez da Urkizurengan bakarrik ematen, haren lagunak ere, Kalaut eta Enke ere gizon eta emakume bilakatu baitira negu horretan.