AURREKO EDIZIOAK > 2015-2016

Begi-niniaren poemak

  • Egilea: Juan Kruz Igerabide Sarasola
  • Argitaletxea: Erein
  • Urtea: 1992
  • Ilustratzailea: Luis Emaldi
  • Bilduma: Auskalo Bumeran
  • Orri kopurua: 88
  • Adina: 14tik gora
  • Nork hautatua: Xabier Etxaniz, Oihana Etxegibel, Manu Lopez Gaseni
  • Laburpena:

    Haikuak japoniarren poesia egiteko modu eta neurri berezi baten fruitu dira. Laburrak. Erritmo oso bizikoak. Hitz gutxitan mundu oso bat zabaltzen dakitenak: leiho txiki-txiki batetik begiratuta ere zerua beti baita mugagabe. Juan Kruz Igerabideren poemario hau harrigarria da bere finezian, eta material guztiz aparta haurraren sentiberatasuna bideratzeko: errezitatuz, jolas linguistikoetarako erabiliz, imitazioz berriak asmatzeko… Labur esanda: hitzarekin plazer sentitzeko.

  • Prentsako aipamenak:


    - "Diario Vasco" BEGIRADAREN INDARRA

    Esku artean liburu hau hartzen duenak pentsa dezake haurrentzat edo gaztetxoentzat idatzia izan dela, eta ez zaio arrazoirik faltako, baina ezta sobratuko ere, poema guzti horietara iritsi baitaiteke helduen begiekin ere, baldin eta inozenteak, kutsatugabeak badira.

    Zentzumen guztien artean begirada da errege. Hark finkatzen ditu gauza guztien tamaina eta forma, hark esaten zein den bakoitzaren kolore eta tonalidadea, hark hurbiltzen gaitu mundura eta horren zirkunstantzietara. Hark ematen digu inguratzen gaituenaren irudia. Baina ikusteko modu bat baino gehiago dago; denok dugu gurea, eta horregatik dira infinitoak har ditzakegun irudiak. Batzuk banalak dira, azalean harrapaturik, ez aurre ez atze, geratu direnak; beste batzuk, ordea, poetikoak, barne-muinetako atea jo dutenak. Ezaguna da On Kixoteren pasarte hura, Mantxako lur lehorretan barrena bera eta Santxo laguna dabiltzanekoa, eta hara non On Kixotek bere begiez ikusten dituen giganteak, eta Santxok ezetz, ez direla giganteak, haize-errotak baizik. On Kixotek ez du onartzen mundua den bezalakoa denik, Santxok bai. Batak imajinazioa du, besteak ez.

    Haikua da Juan Kruz Igerabidek erabiltzen duen forma poetikoa. Ez dago sinbolorik, ez dago kontzeptorik, irudiak daude, eta horiek sentsazioak esnatzen dituzte irakurlearen baitan. Baina hizkuntza sinboloez osaturik dagoenez, nola lor daiteke sinbolorik gabe adieraztea? Erantzuna ez da erraza, baina lojikoa. Zer esaten denaren garrantzia adinakoa du haikuan zer esaten ez denak. Esaten denak eta esaten ez denak osatzen dute poemaren esanahia. Har dezagun liburu honetako bertako adibide bat. Gorostiarena du izenburu: “Gorostiaren pinportak, zein gorriak! / Are gorriagoak, elurretan eroriak.” Irakurri ondoren jabetzen hasten gara elurraren inmensidadeaz, pinporten txikitasunaz. Hizkuntzaren legeetatik ihes egiten du irudiak, gure imajinazioa martxan jarriz abiada handiko trena bailitzan.

    Ez dut ukatuko poemario honek helburu pedagogikoa duenik. Liburu amaieran idazleak berak esaten digu, eskolan erabiltzea erabakiko balitz ––eta seguru nago eskoletan erabiliko dutela––, nola erabili beharko luketen: errezitatuz, erritmoa bilatuz…. Baina horretaz gain, poema hauek ahalmen handikoak ditugu, ikutu egiten dute irakurlearen sentiberatasuna, eta une batez, berak ere haur izan nahi luke, hitzekin jolasteko.

     

ATZERA