AURREKO EDIZIOAK > 2014-2015

Jostorratza eta haria

  • Egilea: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria
  • Argitaletxea: Alberdania
  • Urtea: 2001
  • Ilustratzailea: Antton Olariaga Aranburu
  • Bilduma: Ostiral
  • Orri kopurua: 160
  • Adina: 16tik gora
  • Nork hautatua: Xabier Etxaniz
  • Laburpena:

    Denak omen du bere garaia eguzkipean: urratzeko garaia eta josteko garaia.
    Uste dut jostekoa egokitu zaigula guri.
    Non josia badago. Zer josia ere bai: hiria herriarekin, basoa herberarekin,
    andreak gizonekin, hizkera txikiak hizkuntza handiekin, Natura Kulturarekin
    edota Tradizioa Modernitatearekin.
    Tresnak ezagutu ahala puntadak nola eman jakin nahi duenarentzat, berriz,
    hara hemen adibide bat:
    JOSTORRATZA ETA HARIA, josten ikasteko manual bat.



     

  • Prentsako aipamenak:


    - Javier Rojo, El Correo 2001eko abenduaren 19a, Yolanda Arrietari merezimenduren bat baino gehiago onartu behar zaio "Jostorratza eta haria" izeneko eleberri hau idazteagatik. Izan ere, idazle hau, ohikoa ez den zerbait desberdina egiten saiatu da, gainditu nahi zuen listoia oso altua jarrita. Eta literaturan atentzioa ematen duen zerbait desberdin egitea zaila izaten denez gero, ausardi puntu hori azpimarratzekoa da. Nobela honetan idazleak Historia (letra larriz) azaltzeko ahalegina egiten du, karma berean lotuta egongo balira bezala denboran zehar hurbilduz doazen bi familia-ildoren istorioaren bidez. Eta honetarako jantzietan eta gai honekin lotuta dauden kontuetan oinarritu da, sinbolizazio prozesu konplexu batetik pasarazita. Argumentuak, ia hizkuntzarik eta jantzirik gabeko mundu batetik XX mendearen bukaerara arte eramaten du irakurlea. Hasierako pertsonaiak oso eskematikoak dira, izen batzuk besterik ez. Baina nobelak aurrera egin ahala, pertsonalitatea hartuko dute. Liburua ipuinen antzeko zati txikiz eginda dago; gaiarekin lotuta, adabakiz-adabaki egin duela esan daiteke, beraz. Bestaldetik, zatiok askotan ahozko kontagintzaren zordun direla nabari da. Eta oraingo literaturan gutxitan agertzen delako, ahotsak bereizteko euskalkien erabilera ere aipatu behar da.
    - Gara, 2002ko urtarrilaren 26a Bizitzaren hariari tiraka

    Josteak arreta handia eskatzen du, urrats bakoitzari dagokion garrantzia ematea, denboraz ahaztu eta era berean denbora ondo neurtzea. Jostean gauza txiki askori eman behar zaio arreta, gauza horietako bakoitza besteekin ondo orekatu eta aldi berean, osotasunaren zentzua galdu gabe jardun.

    Josturaren metaforaz baliatzen da Yolanda Arrieta "Jostorratza eta haria" liburuan bere narrazioa hedatzen hasteko; are gahiago, liburua bere osotasunean bilakatzen da metafora, metafora bizi eta zabala. Izan ere, haria lerro eta jostorratza hitz bihurturik abiatzen baita autorea ezohiko egituraketa zein narrazio honetan. Oinarrian, ama batek, amona eta amamaren laguntzaz, jaiotzear den alabari kontatzen dion istorio multzoa topatzen ahal da. Historioaurrean hasi eta azken mendea errepasatuz, istorioen katea biltzen da egungo sentipenetaraino. Hasieratik hari nagusia bakarra izanagatik, istorio txiki ugari gehitzen zaizkio bata bestearen atzetik.

    Narrazioa etengabe aurrerantz garatu arren, atal bakoitzean josketa lezioetara itzultzen da bati, bata zein besteari osotasun berezia emanez. Joskerari loturiko aholku, lezio, irakaspen eta adibide bakoitzak historia-istorio pertsonal horri loturiko kontakizun bat ekarriko du, pixkanaka narrazioaren jantzia osatuz.

    Hasierako ataletan, historiaurrean hasi eta ondorengo belaunaldietan, Mari eta Txomin izen generikoetan bilduko ditu autoreak gertakizun nagusiak. Horrek zenbaitetan narrazioa ahuldu dezake, eskolako lezioen kutsu handiegia hartzen baitu, baina badago narrazioa lagunduko duen magikotasunaren ezaugarria ere. Zenbait pasarteren kutsu fantastikoak narrazioa aberastuko baitu istorioen hastapenetan.

    Liburuak aurrera egin eta etorkizuneko alabaren famili arbolaren adarretan murgildu ahala, istorioetako pertsonaiak izen propioz jantziko dira apurka, azken mendeko gertakizun garrantsitzuen berri emanez gainera. Horrelaxe ezagutuko ditugu gerriko, botoi, titare eta ohialen artean aurreko mende hasierako feriak, gerraren etorrera, migrazioak, gerraostea, belaunaldi berrietako gazteen asmo berritzaileak... etorkizuneko alabaren gurasoetara iritsi arte.

    Ama dugu une oro lanaren egile, amama eta amonaren laguntzaz. "Konpontzeko" deritzon atalean, amaren beraren garaira iristen da haria, narrazioak liburuko unerik barnekoenak eta poetikoenak ezagutuz bertan. Ama adabakiez osatutako jantzia egiten saiatzen da, delako jabearen izaera edo itzala bederen osatu nahian.

    Atal honek apurketa nabarmena ekartzen du aurrekoen aldean. Istorio txikien egitura mantendu arren, tonua beste bat da. Aurrekoetan bazegoen narrazioarekiko distantzia bat, denborarik eratorria; nolabaiteko memoria historikoa izatean halako urruntasuna hartzen zuen iraganak. Honetan, ordea, lanaren egilea dugun ama iraganaz mintzo da baina bere oroitzapen propioen barnekotasunean oinarrituta. Are gehiago, bere gaztaroan planteatutako ametsak eta erronkak azaltzen ditu. Amets horiek bizitzaren zeharbideetan eraldatu arren, haien funtsak bere horretan jarraitu du, gaztetako konformitate ezak formak berriak hartu ditu orainean.

    Atal honek poesiaren eragina duela esango nuke, ez bakarrik gai eta kezken tratamenduan, baita formetan ere. Zenbaitetan errepikapenek, errimek eta hitz jokoek garrantzia hartzen dute. Guztiek osatzen duten oroimenezko adabakiak josi eta bere izaeraren silueta marrazten du.

    Etorkizunera begira iraganetik jasotako jakituria biltzen da liburu honetan, josturaren metafora bizitzari berari eskutik lotuz. Josturen garrantsitzuak dira gauza txikiak, urrats bakoitzari dagokion garrantzia ematea. Josturan erabilitako arau eta aholkuak bizitzan ere baliagarriak izan daitezkeela erakusten du liburu honek.
    - Ana Urkiza, Egunkaria 2002ko urtarrilaren 5a Soineko berria

    Ez da nahikoa esatea Jostorratza eta haria, segur aski, Yolanda Arrietaren lanik bikainena dela. Ez da nahikoa esatea haur eta gazte literatura genero txikitzat duten irakurle eta kritikoentzako lezioa paregabea dela obra honekin Arrietak helduen unibertso literarioari egin dion ekarpena. Zer garen galdetuz hasten du liburua idazleak: ikasten duguna edo berezkotik dakarguna? Jaiotzear dagoen alabari ama batek historiaz eta denboraren iraganaz egiten dion hausnarketa da Jostorratza eta haria.

    Historia eta denbora etenik eta ertzik gabeko oihalak direla konturatzen da idazlea: "Jostorratzez eta hari ezberdinez josten goazen historia-istorio multzoa gara, eta era berean, istorio historia horien haziak jaiotzen garenean gurekin datoz". Bizitzaren etengabeko joana azaltzeko, historia joskintzarekin konparatzen duen metafora amaigabe bat eraiki du Arrietak: soinekoa da bizitza; soinekoa garai ezberdinak lotzen dituen elementua; soinekoa, garai berriei egokitzeko egiten dugun ahaleginaren irudia. Soineko berria, finean, aurrezarritako gizarte arauen eta historiaren bilakaeraren noraeza kritikatu nahi dituen idazlearen joste saioa.

    Denboraren joanak kezkatuta dago idazlea, eta ikuspegi antropologiko aberats batez jantzi du bere lan hau, historiaurretik hasi eta gaur egunerainoko gizarte eraketaren edo bizitza moldatzeko eren azalpen literarioa eskainiz.

    60-70-80ko hamarkadako eraldaketek kolpatua, idazlea konturatzen da bizitzan gauza gutxik jarraitzen dutela aldatu gabe. Giza izaeraren eta historiaren joanean giza bilakaeraren ezagutzaile da Arrieta, eta mundu nahasi honetan gauza asko aurkitu ditu josteko. Josteko garaian gaudela dio: iraganeko zuloari jostorratza sartu eta birjosten hasi beharreko tenorean. Liburu osoa metafora bat da, ikasgai bat, irakurlea jostorratza behar den zuloan sartzera gonbidatuko duen hausnarketa etengabea.

    Ahots anitz

    Yolanda Arrietak ahots propioa dauka. Poetikoa. Iradokitzailea. Jostaria. Esaldi laburrak dira bereak, hitz jokoz eta metaforaz josiak. Eta irakurleak lotu beharko ditu esaldiak, ideiak eta pasarteak.

    Dokumentazio lan izugarri baten fruitua du azken lan hau Arrietak. Dokumentu hilak zein biziak erabili ditu horretarako, liburutegietan gordetako josteko patroiak zein bere inguruko familiakideei eginiko elkarrizketak. Idazleak jaiotzear dagoen alabari josten irakatsi nahi dio, baita narratzaileak irakurleari ere. Batak zein besteak, birjosi beharra daukan bizitza honi adabakiak nola atondu azalduko dute.

    Arrietak askatasun handiz idatzi du. Erritmo, ahots, denbora eta ikuspegi anitz erabili ditu; historia bat sakonean, istorio anitz azalean, jostearen artearen deskribapena harian, giza izaeraren zergatiaren oihala mahaian.

    Pertsonaiei dagokienez, jaiotzear dagoen alabaren amaren, amamaren, amonaren, aitonaren eta birraitonaren ahotsak entzuten dira eleberrian, baita narratzaile neutro, gomendio-emaile eta irakurketa gidatzen duen batena ere, eta bakoitzari bere euskalki edo herri hizkuntza egokitu dio. Hizkera erabilera hau oso egokia da irakurlea denboran eta espazioan kokatzeko, hizkerarekin batera baitatozkio irakurleari garaien arteko aldaketak interpretatzeko giltzak.

    Binomio etengabea

    Eleberria sei atalek osatzen dute. Azaleko egituran, josteko erremintak zeintzuk diren, josteko moduak, soinekoaren atalak, ohial eta harien aukeraketa nola egin eta nola birjosi jakiteko gomendioak ematen zaizkio irakurleari, denboraren joanean eta mundua interpretatu behar horretan irakurleak bere burua koka dezan.

    Atal bakoitzak sarrera bat dakar, atal osoaren arrazoia aurreratuko eta sakoneko historiaren interpretaziorako balioko duena. Eta atal bakoitzeko istorio bakoitza mezu bat da. Sakoneko historiaren atal bat, eta, era berean, esateko modu berri bat. Mezu bakoitzak azpi-ipuin bat dauka, eta ipuin bakoitzak bi zati: bat, historia, eta bestea, jostearekin zerikusia duen azalpen paraleloa. Binomio etengabea da liburua, historiaren azalpenaren eta istorioen arteko uztarketa, denboraren joanaren eta jostearen arteko konparazio taigabea, edukiaren eta formaren arteko borroka amaiezina.

    Yolanda Arrieta, mundua ulertu nahian, historiari eta iraganari adabakiak jartzen dizkiogula esatera datorkigu. Berak, soineko berri baten joskintzarekin jolastuz, milurteko berriko atorrek nolakoak izan behar duten esango digu, eta batez ere, astegun eta igandeetako arropak nahastea aldarrikatuko du.

    Jostorratza eta haria irakurri ondoren, irakurleari pret-a-porter erosteko gogoak uxatuko zaizkio. Ez litzateke gehiegi esatea, liburu hau irakurri ondoren, batek baino gehiagok izango duela josteko makina zaharrari hautsak kendu eta aspalditik buruan darabilen patroiren batekin soineko berria josteko tentazio sanoa.

ATZERA