AURREKO EDIZIOAK > 2013-2014

Booktrailerra liburu bat iragartzeko sortutako bideo muntaia da, filmen trailerrak egiteko erabiltzen diren narrazio teknika berdintsuak erabiliz egin ohi da. Bideo digitalen formatu ohikoenekin sortu eta telebistaz nahiz Internet bidez hedatzen da.

Liburuak iragartzeko ez ezik, irakurzaleak eta zale ez direnak liburuak irakurtzera motibatzeko ere balio du booktrailerrak.

Modu askotako booktrailerrak daude: erabat antzeztuak, bideo animazioak, musikaz, testuz nahiz ahotsez lagundutako argazki muntaiak eta abar. Gehienetan booktrailerrek liburuan agertzen den materiala erakutsi ohi dute, baina ezinbestean trailer itxura izan behar dute.

Booktrailerrei buruzko 10 gomendio:

1. Booktrailerra liburua sustatzeko bide bat da, ez da liburua bera eta ez du liburua baino askoz zirraragarriagoa izan behar. Bestela liburuak indarra galduko luke.

2. Ez ahaztu irakurlearentzat erakargarriak izan daitezkeen liburuaren ezaugarri edo pasarte nabarmenenak aipatzea.

3. Ez kontatu gehiegi liburuan irakur dezakeguna. Iradokitzailea izan behar du eta liburua irakurtzeko gogoa piztu behar du, irakurle potentziala liburuaz gehiago jakiteko gogoarekin utzi behar da. Suspense puntu bat eranstean dago gakoa.

4.Liburuaren datu garrantzitsuenak sartu behar dira: titulua, egilea eta argitaletxea. Bestela, irakurle potentzialak ez du jakingo liburua non eta nola eskuratu.

5. Genero desberdinetako liburuak sustatzeko erabil daiteke booktrailerra: nobela, komiki liburua, poesia eta abar.

5. Laburra izan behar du. Minutu bateko booktrailerra nahikoa da. Gehienez ere 2 minutukoa izan daiteke. Luzeegia eginez gero, ikuslea aspertu eta ez dugu erakartzerik lortuko.

6.Emaitza erakargarria, gustagarria, lortu behar da. Saiatu liburuaren argumentuarekin zerikusia duten irudiak eta doinua (egile eskubiderik gabea) aurkitzen. Musika ez dadila oso ezaguna izan eta ez dezala letra ezagunik eduki, bestela booktrailerrak kontatzen duena azpian gera daiteke.

7. Testuaren zatiak irakurtzen azaltzea asko erabili den baliabidea da eta oso ikusia dago. Hala ere, baliabide hori erabiltzekotan, hobe da beste moduko sekuentzia batzuen artean sartzea.

8. Booktrailerra egin eta Internetera igotzea ez da nahikoa. Benetan jendeak liburu hori irakurtzea nahi baduzu, sare sozialen bidez zabaldu, blogean komentatu, lagunekin partekatu…Liburu Gaztea Sariak horretan lagunduko dizu, youtubeko kanalaren bidez, mugikorretan ikusgarri eginez, eta tuenti sare sozialaren bidez hedapena eginez.

 

Booktrailerren sorrerari eta garrantziari buruzko ideia nagusiak:

 

"Booktrailerrak, haurrak irakurketara erakartzeko bidea"


*Karen Springen-ek School Library Journalen argitaratutako
artikulutik ateratako punturik garrantzitsuenak.

Duela gutxi arte, argitaratzaileek beren liburuak markagailuen bidez iragartzen eta sustatzen zituzten, edota egileek berek egiten zituzten aurkezpenak. Baina bat-batean YouTube sortu zen eta argitaratzaileek beren marketing kanpainetarako funtsezko elementutzat jo zituzten liburuen trailerrak, booktrailer izenez ezagun egin direnak.

Horrela hasten da School Library Journal web gunean argitaratutako Karen Springen-en artikulua.

Aditu honen arabera, liburu baten booktrailerra egiterakoan ezinbestekoa da honek liburuko narrazioaren zatiak izatea. Modu horretan, ikuslea liburua zeri buruz den usaintzen hasiko da. Baina kontuz! Helburua ez da liburuaren laburpena egitea, liburuaren aurrerapena baizik.

Oso kontuan izateko beste ezaugarri bat iraupena da. Karen Springen-ek dioenez, booktrailer onenek gutxi gora-behera minutu bat iraun ohi dute. Tarte horretan, edonor gera daiteke liburuaren funtsarekin. Iraupen luzeagoa izanez gero, istorio osoa kontatzen bukatzeko arriskua dago, eta orduan ez du zentzurik izango liburua irakurtzeak.

Umorea ere ezaugarri garrantzitsua da.

Zenbait bideo liburuaren egileari egindako elkarrizketa hutsa dira, baina era horretako bideoek askoz hobe funtzionatzen dute irakurleek liburua irakurri ostean.

Dena dela, booktrailerrak ezinbestean oinarrizko informazioa eman behar dute: - Egilearen izena - Liburuaren titulua - Azaleko irudia ere jar daiteke - Amaitzeko liburua irakurtzera animatzeko esaldiren bat izan beharko luke.

Artikuluan Springenentzat interesgarrienak diren lanak aipatzen dira: McCarty Chloe-ko Peter egilearen aurkezpen bideoa, urteko liburu ilustraturik onenaren The New York Times saria jaso zuena. Aurkezpen-bideo hauek publiko zabalari zuzenduta daude, ez soilik haurrei. Hori dela eta, Simon & Schuster bezalako argitaletxeek beren bideoak teachertube.com bezalako web guneetan aurkezten dituzte. Irakasle eta hezitzaileek ikusi eta beren ikasleei ezagutzera eman eta irakurtzera animatzeko modu erraz, azkar eta eraginkorra da.

Beste erronketako bat, Springenen iritziz, etxeko bideoak egitea da. Aukera hori hautatu dutenen artean hezitzaileak eta ikasleak daude. Irakasle askok bere ikasleak animatzen dituzte gustuko dituzten liburuen bideoak sortzera. Modu horretan, gidoi grafikoak egiten ikasten dute, efektu bisualik onenak aukeratzen ikasten dute, istorioa aztertzen dute zatirik interesgarrienak aukeratzeko, eta ekoizpen osoaz arduratzen dira.

Liburutegien kasuan ere gauza bera esan daiteke.

Azken finean, booktrailerrek haurrekin, irakurleekin konektatzeko eta liburuei buruz hitz egiteko modu polita eskaintzen dute.

Gisa honetako aurkezpen-bideo bat egitean kontuan hartu behar da eragin birala izan behar duela. Hau da, zabaldu nahi den mezua sare sozialak erabiliz hedatzea komeni da, bestela ez baitu behar besteko oihartzunik izango eta ez da bideoaren helburua erabat erdietsiko. Bideoa egileak erabiltzen dituen sare sozialetan jarri ezkero, hedapen eta oihartzun handiagoa izango du.

Argitaletxeen kasuan, liburuen promozio kanpaina hauek egiteko aktore ezagunekin sortutako booktrailerrak egitea da beste bide bat. Baina irakurleek liburua irakurtzerako pertsonaien itxura ezagutuko dute eta bakoitzak bere irudimenerako askatasun gutxiago izango du.