AURREKO EDIZIOAK > 2012-2013

Itsaslabarreko etxea

  • Egilea: Miren Agur Meabe Plaza
  • Argitaletxea: Aizkorri
  • Urtea: 2001
  • Bilduma: TOPALEKU
  • Orri kopurua: 96
  • Adina: 14tik gora
  • Nork hautatua: Juan Kruz Igerabide, Manu Lopez Gaseni
  • Laburpena:

    16 urteko neska bakarti eta sentibera batek aurkituko du bere lehen amodioa uda batez. Hori ez da izango aurkikuntza bakarra; itsaslabarreko Solaiz Enea etxezaharra, eta honek ekarriko dizkion abentura eta dohakabe guztiek ere ematen diote gorputza elaberriari.
    Itsaslabarreko etxea agertzen den unetik misterioa eta intriga nabarmenduko dira. Detektibeak izango bailiran, Joana protagonista eta bere amodioa Alain, Solaize familiaren inguruko kondaira argitzen hasiko dira, dena jakin arte. Bukaerako argitze hura drama “gorri” eta “beltza” delarik.
    Den–dena ezagutuko dugu bere koaderno morean idatzitakoa gogorarazten digun neurrian, urte batzuen ostean, alegia.
    Adio iraganari, adio gaztetan izandako amets eta ilusioei, izan liteke obra honen mezutako nagusia. Gaztetan guztia bizi izaten da ilusio handiaz hala ere dramatiko batez; lehen amodioa betiko dela eta zorigaitzak konponezinak direla ere uste egiten da. Baina, tragediarik tragikoena gertatu arren, etorkizun luze eta tentagarriari eutsi ahal eta behar zaiolako esanahia helarazten digu idazleak. Iragana iraganean baztertu.

  • Prentsako aipamenak:


    - Ana Urkiza, Egunkaria 2001eko ekainaren 2a, Begia gehigarrian. Hiru ideia nagusi tartekatzen ditu Miren Agur Meabek liburu honetan: maitemintzea; itsaslabarrean aurkitutako etxearen kondaira; eta Joana edo pertsonaia nagusiarengan haragitzen den nerabe izaeraren autoafirmazioa. 17 kapituluk osatzen dute eleberria. Egitura borobila du, sarrerako eta amaierako atalak kontuan hartuz gero. Baina aitzin eta gibelsolasak kontuan hartu ezean, eleberriaren kanpo egitura amaierakoa dela esan liteke, azkenean baitakar korapiloaren edo kondaira misteriotsuaren askatzea.
    Barne egituraketan, bi zati aipa genitzake: hamargarren kapitulua artekoa edo pertsonaiak aurkezten direnekoa bata, eta hamaikagarren kapitulutik aurrerakoa bestea, zeinetan istorioaren mamia aurkituko duen irakurleak.
    Elebarriari bizia ematen dioten pertsonaia nagusiak bi dira: Joana eta Alain. Joanak, narratzaile orojakilearen subjektuak, 16 urte zitueneko istorioa kontatzen du lehenengo pertsonan. Adinaren aipamena elementu erakargarria da; batez ere, adin horretako irakurleari, nerabe orok esperimentatu duen identitatearen aurkikuntzaz, maitemintze prozesuaz, misteroaz, beldurraz eta heriotzaz gogoeta egiten lagunduko diolako.
    Joanak edo pertsonaia nagusiak, bere mundua ordenatu nahian edo, koaderno morean idazten ditu bere bizipenak, entzuten dituen istorioak eta sentipen zein ametsek bultzaturiko poemak. Idazteko eta gogoeta egiteko, bakardadea du maite, eta bakardade horren bila itsaslabarrera joaten da. Behin, itsaslabar horretan, etxe bat aurkitzen du eta etxean bizi izandako jendeaz eta historiaz galdezka hasten da. Joanak 16 urte ditueneko uda horretan ezagutzen du maitasuna ere, eta bere maitea, Alain, etxearen kondairaren azterketan korapilatuko du, eta, asko jakin gabe, etxe misteriotsuak heriotzaren aurpegia ezagutzera eramango ditu.
    Estilo aldetik, oso heldua antzematen da Joana narratzailea, helduegia beharbada. Idazleak ere badaki honen berri, eta aitzinsolasean abisua pasatzen dio irakurleari.
    Aberatsegia eta sakonegia egiten da eleberria, aukeran. Poesiatik hurbilegi dagoen prosa eskaini digu Meabek gazteei zuzendutako liburu honetan. Badago erritmo kontuaz ere zer aipaturik: hasierako hamar kapituluetako erritmoa geldi samarra suertatzen da, eta kapituluen arteko konexio gabeziak irakurketarako interesa moteldu egiten du. Moteltasun hau bigarren zatian apurtzen du egileak, erritmo bizkorrago eta kontakizun linealago batekin.
    Kontakizunaren adar nagusietariko bat itsaslabarreko etxearen inguruko kondaira izateak, amonaren figurak, eta narratzailearen kontatzeko estiloak ukitu oso tradizionala damaio eleberriari. Eta bestalde, egileak maitasunaren esentziaz egiten duen deskribapen zein Jonaren emakumetze prozesua kontatzeko modua modernoak dira. Irakurleari, aldika, zaila egingo zaio mundu ikuskera ezberdin bi hauek uztartzea.

    NIAREN AUTOAFIRMAZIOA
    Gibelsolasean, liburua bildu eta osatu egiten da. Aitzinsolasean bezala, Joana itsaslabarrean dago. Eskuan koaderno morea du. Idazleak, "betiko sentibera milinga naiz" diotso irakurleari, eta ikuspegi horretatik egin ditu gertakizunaren irakurketa asko eta asko, objetibitateari tarterik utzi gabe. "Joana dut izena" diosku. Idazleak, narratzailearen lumari esker eta Joanaren ahotan, bere burua autoafirmatzen du. "Oso apartekoa naiz" esango digu, "bakarra eta baliotsua izatearen sentimendua ernetzen zait", edo "ni neu naiz". Luzaz egin badio ere bere buruari ez ikusiarena, orain badaki nor den. Koadernoan bere historia kontatu ondoren, hobeto dago. Koadernoa aingeruen eta deabruen bizitokia izan du, ongiaren eta gaizkiaren sehaska. Narratzaileari, barruan zeramana botatzeko balio izan dio koadernoak, bere burua ezagutzeko, mundua ordenatzeko, bere historiaren zama arintzeko...
    Halaxe deskribatzen du Miren Agur Meabek koadernoaren existentzia eta bere literaturarekiko harremana; propioki bizitako esperientziaren eta idazketa prozesuaren zergatia; nerabezaroko ilusioetatik helduaroko belztasunera eginiko bidaia.
    Eleberri hau kontatzen den istorioa baino are gehiago da, idazle nerabearen Niaren agerpena, eta Niaren autoafirmazioa horretan idazketa prozesuak izan duen garrantzia eta eragina.
    Itsaslabarreko etxea oso eleberri trinkoa da mezuari dagokionez, Meabek jadanik bere irakurleria ohitura duen estilokoa: jantzia, neurtua eta sakona, sinbolo eta metafora artean txirikordatua.
    Istorioa eta pertsonaiak egiazkoak diren edo ez da irakurleak eginen duen galdera liburua bukatzerakoan. Idazleak ere, idazten duena egiazkoa ala amets hutsa ote den galdetuko duen moduan. Ezin jakin, ordea, idazterakoan ametsak eta beldurrak errealitate bilakatzen zaizkigun, edo eta idazte prozesuak amets eta beldur horiek uxatzen dituen.
    - Javier Rojo, El Correo 2001eko urriaren 17a, Etxe misteriotsua

    Miren Agur Meabek poesian eta ipuingintzan aritu ondoren eleberriaren arloan ere saiatu nahi izan du. Saio honen emaitza da liburu hau, "Itsaslabarreko etxea" deitzen dena. Hasieran idazleak bere kontakizuna nobela erromantiko sentimentalaren esparruan sartu nahi izan duela dirudi, nerabezaroan dagoen neska baten bizipenak kontatzeko. Malenkoniaz beteriko istorio baten aurrean gaudela pentsa liteke hasieran. Baina nobela erromantiko sentimental honetan misteriozko istorioetan ohikoak izaten diren zenbait osagai ere sartzen ditu idazleak: izenburuak aipatzen duen etxe erdi hondatua eta bertan bizi diren pertsona misteriotsuak, kanposantuak, momenturik egokienetan altxatzen diren ekaitzak, tximistek bat batean gauzak argitu bezainbat zokoak izkutatu egiten dituztelarik... Eta misteriozko bide honetatik harago joanez, fantasiazko osagaiak ere erabiltzen dira. Nolabait esateko, eleberri honek aldi berean gauza desberdin asko izan nahi du, baina haietako bat ere osorik izan gabe, irakurlearen hasierako aurreikuspenak nolabait apurtuz. Edonola ere, idazleak jakin-minaren gradazioa ondo lortu duela esan behar da, azken finean, hauxe baita honelako eleberri batek beharrezkoena duena.

ATZERA