AURREKO EDIZIOAK > 2012-2013

Harry Potter eta sekretuen ganbera

  • Egilea: J.K. Rowling
  • Argitaletxea: Elkarlanean
  • Urtea: 2001
  • Itzultzailea: Iņaki Mendiguren
  • Bilduma: Harry Potter
  • Orri kopurua: 288
  • Adina: 12tik gora
  • Nork hautatua: Manu Lopez Gaseni
  • Laburpena:

    Harry Potterren itzalak literatur esparrua gainditu eta fenomeno sozial izatera heldu da munduan zehar, Ingalaterran eta Estatu Batuetan bereziki, baina horren entzutea, Errusiatik barrena, Txinaraino ere iristen da.
    Harry Potterrek ahalmen miragarriak baititu. Horregatik, liburua zabaldu ahala bere magiaz liluratzen gaitu, eta liburuan sartuz goazen neurrian, are eta gehiago sorginduz goaz, harik eta liburua itxi eta, mago batek bere makilatxo magikoa astintzean bezala “klisk!” egin eta esnatzen garen (edo gaituen) arte.
    Sugeak liluratu duen txoria bezala sentiarazten gaitu.
    Harry Potter azti ausarta, Hogwartseko Azti eta Sorgin Eskolan lehenengo ikasturtea bukatu ondoren, bere osaba-izeba gogaikarrien etxean dago, bigarren ikasturtea noiz hasiko zain. Larri dago Harry gaixoa... Baina bere lagun Ron Weasley laguntzera etorriko zaio auto hegalari batean eta… Harryk bigarren urtea du Hogwartsen, eta bigarren hau ere iazkoa bezain mugitua, arriskuz betea eta zirraragarria izango da.

     

  • Prentsako aipamenak:


    - Javier Rojo, El Correo 2001eko azaroaren 21a, J. K. Rowling hizpide izan da azken urte hauetan Harry Potter-en asmatzailea izateagatik. Arrakasta itzela lortu duen pertsonaia honek protagonizatzen dituen liburuen salmenta-marka guztiak hautsi dituzte, kopuru ikaragarriak (milioika liburu, entzun uste dudanez) lortuz. Gure artera heldu da sukar kutsakorraren itxura duen gizarte-fenomeno hau eta euskeraz ere liburu hauek agertzen hasi dira. Azkena, "Harry Potter eta sekretuen ganbara". Egia esan, eta gazteei zuzendutako beste liburu batzuekin konparatzen badugu hau, badirudi arrazoi objetiboak aurki ditzakegula halako arrakasta azaltzeko. Liburuak abenturaz beterik daude; protagonistak balizko irakurleen adinekoak izanik, haiekiko identifikazioa erraza dute gaztetxoek. Eskolak (Hogwarts, azken finean, oso barnetegi britainiarra da) suposatzen duen egunerokotasunean irudimenez gainezka dauden gertaerak sartzen dira, irakurleak errealitatean aurkitzen dituzten mugen gainetik inolako oztoporik gabe pasatzeko aukera emanez. Gauzak honela, nobelaren argumentuak aztien eskola bateko giro bitxia aurkezteko aitzakia hutsa ematen du askotan, idazleak fantasiak eskain ditzakeen nahi beste amarru erabiltzen baititu. Baina, beharbada, hau bost axola irakurle gaztetxoei.
    - Mondraqgon Unibertsitateak argitaratua Harry Potter-en abenturen lehenengo atalaren oihartzuna mundu osoan zehar zabaldu da eta ordutik ondorengo atalak ezagutu ditugu (dagoeneko lehenengo hiru liburuak euskaratuak daude). Orokorrean liburu baten balorazioa egitea zaila izaten bada, are gehiago haur literaturak eman duen “best-seller” bakarrenetariko baten aurrean aurkitzen garenean, hitz horrek sarritan zentzu negatiboa izaten baitu itsatsita. Dena den, kasu honetan mundu mailako salmentak eta balore literarioa eskutik helduta doazela aitortu beharrean gaude zorionez.

    Udako oporretan ematen zaio hasiera “Harry Potter eta sekretuen ganbera” liburuari, konkretuki Harry Potter-en urtebetetze egunean. Osaba-izeba eta lehengusu gogaikarrien lagunartea jasangaitza da dagoeneko eta Harry eskolako lagunen berririk ez duelako izan nazkatua eta goibel sentitzen da. Gehiago ezin duenean, Ron adiskidea etorriko zaio bila eta biak elkarrekin abiatuko dira Hogwartseko Azti eta Sorgin eskolara. Kurtsoa hastear dago eta bigarren ikasturte honetan zehar biziko dituzten gorabehera eta ibilera guztien lekuko izateko aukera izango dugu irakurleok.
    Bigarren atal honek lehenengoaren maila mantentzen du eta argi dago J.K. Rowling-ek baduela zer kontatu eta gainera badakiela nola. Pertsonaiak eta testuinguruak aldatu ez diren arren, ez dago errepikapenik eta emozio, misterio erritmo bizi eta abentura maila bera mantentzea lortzen du. Horrez gain umore ukitua ere ez da falta eta gizartearen kontrako kritika burutsua ere topa dezakegu (arrazakeria eta garbitasun etnikoaren kontrako borroka hain zuzen). Hori guztia fantasiak, magiak eta irudimenak eskaintzen dituen amaigabeko elementuekin nahasten badugu, gogaitasunaren kontrako liburu paregabe baten aurrean gaudela esan dezakegu.

    Irakurle gazteak, Harry-rekin identifikatuz, aztitzat hartuko du bere burua eta hamaika gauza harrigarri eta zoragarrien partaide izateko abiatuko da liburuan barrena, eta behin barruan ez du atsedenik izango.
     

ATZERA