Ez da konprenitzen ahal gerra!
- Egilea: Begoņa Durruty Sukilbide
- Argitaletxea: Denonartean
- Urtea: 2016
- Ilustratzailea: Begoņa Durruty Sukilbide
- Orri kopurua: 61
- Adina: 14tik gora
- Nork hautatua: Oihana Etxegibel
- Laburpena:
Album ilustratuaren estetika duen narrazio biografikoa da. Testua orri-bikoa hartzen duten ilustrazioen gainean ezarrita dago, kartoi mehea diruditen orrialde koloredunetan, eta dena tapa gogorretan bilduta dator.
Kontaketaren hari nagusia Durruty familiaren azken ehun urteotako historia da. Zehazki lehen mundu gerraren bueltan abiatzen da, eta Aljeriako gerran aitak izan zuen parte hartzearekin amaitzen.
Gerrek mugaldeko familiengan izan duten eragina azaleratzen du, batetik gerraren beraren kritika zorrotza plazaratzeko, eta, bestetik, bizitzaren gorabeheren gainetik aurrera egiteko kemena aldarrikatzeko.
Kontakizuna bere aitari egindako galdeketetan oinarrituta dago. Ematen diren azalpen eta datuak egiazkoak bide dira. Hain zuzen ospitaleko ohean datzan aitaren ahotsak betetzen du narratzailearen papera, eta bere memoria ariketa da irakurleak jasotzen duena, anekdota zehatzak eta gertaeren iritzi pertsonalak tarterik zabalena hartzen dutelarik.
Euskara batuan idatzita egonik ere, Baztan aldeko euskararen kutsu nabarmena du testuak, baina irakurketan ez du eragozpenik sortzen, eta nabarmen janzten du.
Ilustrazioak irudi angeluzuzenekin eraikita daude, kolore “naturaletan”. Kontakizunaren testuingurua erakutsi nahi digutela dirudi, eta horregatik, akaso, plano orokorrak nagusitzen dira, eta zehaztasunez baino gehiago, zertzeladaz eginak daude.
- Prentsako aipamenak: