Bakarka eta taldeka kontatzen du
Kontaketan hasitako urtea: 2004
Norentzat kontatzen nagusiki:
Guztientzat, gehien bat haurrentzat.
Kontatzeko lekuak:
Liburutegiak.
Aurkeztutako ipuin ikuskariak:
Errepertorio hauek 4-8 urte bitartekoentzat dira egokiak, baina tokian tokiko beharretara moldatu daitezke.
Bestelako jardunak:
Antzerkilaria naiz (1987tik), haur antzerkigintzan aritzen naiz gehien bat, gaur egun Legorretako DAR-DAR PRODUKZIOAK taldean.
Haurrentzat idaztea maite dut. Liburu bakarra argitara eman dut, Ixone isilik (2004), Aizkorri argitaletxean. Zenbait antzezlan ere idatzi ditut, Egizu lo, Tartalo (2001), talde profesional batek taularatutako bakarra izanik.
Bikoizketan ere aritzen naiz; 2003tik marrazki bizidunei ahotsak jartzen dihardut.
Biografia:
Maite Franko (Irun-Hondarribia, 1971), txipiroi-arrantzale eta lehorreko lamia baten zazpigarren alaba da. Antxoa izandako neska (orduko argazkia duzue web honetan ikusgarri); balea izandako andrea, barruan umea zuelarik; orain berriz, izurde-irribarrea gainetik kendu ezinda dabilen kontalaria da.
Antzerkigintza, irakaskuntza, bikoizketa eta literaturaren ur handietan oinak bustitakoa dugu. 2004 urteaz geroztik, ipuin-kontalaritzaren ozeano barean dabil zeharo murgilduta, ordutik hona (2.012 urtea) 1.300 saiotik gora eskainiz. Bertan, ahoz aho nabigatutako ipuinak, argitaratu berriak zein egileak berak sortutakoak jolas, asmakizun, kantu eta dramatizazioekin nahasten dira, barruan umore, misterio, mezu positiboak eta kresala ugari daramatzatelarik.
Ume txikiak, koxkorrak, gazteak, helduak, aitona-amonak… guztientzat badu zer kontatu eta zer kantatu, ixtorio eta mixterio franko, zirrara eta ikara nahiko.
Saio berean kontaketa modu anitzak erabiltzea maite du Maitek. Hasi hitzaren biluztasunetik eta jarraitu zerbaitek edota norbaitek kentzen diolarik hitzari biluztasunak sortzen dion lotsa (ulertu ez duenak ulertu dezan, panpinez edo umeen parte hartzeaz kontatzea ere gustukoa du tarteka.) Gaiak ere anitzak izaten dira saioetan, nahiz eta azkenaldi honetan, eskaera olatuei erantzunez, monografikoak ere barra-barra ari den sortzen.
Monografikoei dagokienez, Ipuin Proiektuak ere badaramatza zenbait eskolatan gai jakinak lantzeko. Parekidetasuna eta Kulturartekotasuna dira gehien jorratutakoak, horretarako propio sortutako saio bereziak material didaktikoaz lagunduta.
Beraz, badakizu, marinela; badakizu, arrantzale; badakizu, kresalazale: ipuinen ozeano barean zabiltzala antxoa eta balea izandako izurde-irribarreko emakumea topatzen baduzu, igo ezazu zure itsasontzira, trukean ezagutzen dituen istoriorik ederrenak kontatuko dizkizu eta.
* Segurtasun arrazoiak direla medio, profesional honen datu pertsonalik ez duzu aurkituko web gune honetan. Hala ere, horiek eskuratu nahiko bazenitu Galtzagorrira dei dezakezu (Telf: 943471487) edota email bat igorri (galtzagorri@galtzagorri.eus) eta ahal dugun guztian lagunduko dizugu.