Ipuin kontalariak

Ixabel Millet Heyries
Ixabel Millet Heyries

Kontatzeko lekuak:

Leku anitzetan ari naiz ipuinak kontatzen: liburutegietan, ikastetxeetan, kulturguneetan, ikastoletan, antzokietan, euskaltegiak, ospitaleak, txokoetan, kultur etxeetan, jaietan, etb. Horretaz gain, hainbat programatan parte hartzen dut. EIEko “Idazleak ikastetxeetan”; EIEko “Literatur Jarduerak”; Nafarroako Gobernuko Euskara Departamentuak babesten dituen “Euskaraz egindako ekintzak”; Fira erakundeak antolatzen dituen “Animación a la lectura” saioak (Nafarroa); Galtzagorri elkarteak antolaturiko programetan.

Aurkeztutako ipuin ikuskariak:

Inspirazioa euskal mitologian, munduko ipuinetan eta sorkuntza propioan hartuz ikuskizunak neuk sortzen ditut. “Hitzen musika eta musikaren hitza, arimaren hatsa” lelopean, testua eta musika-kantak tartekatzen ditut, inguru bisuala zainduz kontatutako edertasunez irudikatzekotan.

Azkenean, arlo anitzetan egiten dut lan: ipuinak eta euskal mitologia, ipuinak eta kulturak, ipuinak eta beldurra, ipuinak eta heziketa emozionala, ipuinak eta kamishibai, eta abar.

Bestelako jardunak:

1992tik, irakasleriaren formazioan aritzen naiz. “Euskal ipuinak eta mitologia” eta “Ipuin klasikoak” ikastaroak ematen ditut Irale programan. EHUk antolaturiko Euskalduntze eta Alfabetatzerako Diplomaturan didaktika (sugestopedia) eta talde fenomenoak (komunikazioa, motibazioa eta talde dinamika) ematen aritu nintzen 8 urtez. Eta, horretaz gain, UEUko Glotodidaktika eta Psikologia sailetan hainbat ikastaro eman nituen. Begiraleen prestakuntzan ere, komunikazio, motibazio eta talde dinamika emateaz gain, musika animaziorako teknikei buruzko ikastaroak eman zituen.

1983tik, irakaskuntzan ihardun dut, hizkuntza irakaskuntzan hain zuzen ere, nire metodo propioak sortuz (teknika sortzaileetan oinarrituriko metodologia: olerkiak, ipuinak, antzerkia, etab).

Idazle modura, batez ere haur literatura jorratu dut: Kanturik gabeko herria (haur ipuina, Baigorri argitaletxea, 2002); Jainko-jainkosek ez dakite dena (haur ipuina, Baigorri argitaletxea, 2003); Bidasoa (prosa librea-poesia, Irudi s.l. eta Nafarroa Oinez, 2006); Hotzburuan (heldu ipuina, EIE, 2006).

Biografia:

Paris, 1958

15 urte luze daramatzat ipuin kontalaritzan Euskal Herriko herrialdeetan zehar; eta ezin jakin zenbat emanaldi egin nituen urte horietan… Esperientzia handia dut, eta oso gustukoa dut lan hori.