Izen artistikoa: Bego Alabazan
Bakarka eta taldeka kontatzen du
Kontaketan hasitako urtea: 1996
Norentzat kontatzen nagusiki:
Haur, gazte eta helduentzat.
Kontatzeko lekuak:
Batez ere toki itxietan: eskolak, liburutegiak, kultur etxeak, tabernak, gazte lokalak, antzokiak, baita kalean ere.
Aurkeztutako ipuin ikuskariak:
UMEENTZAKO: "Sagu txiki, sagu maite" (2006), "Ah!Zelako neskak!!"(2008), "Ipuin berde-berdeak" (2009), "Beldurrari beldurrik ez" (2010), "Munduan zehar nire auzoaldetik" (2010), "Naturaren Magia" (2011), "Kalen ere,elkarrekin konta dezagun" (2012)
HELDUENTZAKO: "Zergaitien bila" (2006), "Kontako banizu" (2007), "Bereterretxen kanthoria" (2008), "Ipuin Ilunak" (2010), "Txirula magikoak" (2010), "Ipuin BEROtikoak"(2011)
Parte hartutako jaialdiak edo E.H.tik kanpoko jardunak:
Hauez gain, urtero Euskal Herriko Elkarteak antolatzen duen “Bazen behin...” festan parte hartzen dut, 2006an bere lehen edizioa izan zenetik gaur egun arte.
Bestelako jardunak:
Kontalariak-Euskal Herriko Kontalarien Elkartea sortzen hartu nuen parte eta geroztik elkarte honetan lan egiten jarraitzen dut Aho-Narrazioa den gure profesioak jendaurrean merezi duen duintasuna lor dezan.
2005ean nire bizitza, bai pertsonalki, bai profesionalki, amatasunaz aberastu zen; horrela, gaur egun, ipuinen munduan inoiz baino murgilduago nago, ipuinak barru-barrutik bizi ahal ditudalarik.
Kontalaritzaz aparte, ipuinen munduarekin estuki lotuta dauden tailerrak ere bideratu izan ditut, bai jendaurrean kontatzen laguntzeko, bai senide-arloan aplikatzeko.
2007tik hona urtero-urtero nire taldekidea den Pedro Ruizekin HitzBatu izeneko tailerra bideratzen dut Barakaldoko hainbat ikastetxetako neska-mutilekin, ipuinak sortzen laguntzeko, eta hauen gaineko irudiekin batera liburu bat argitaratzeko. Urtero urtero hasten doan proiektu ederra eta oso harrera onekoa da hau.
Izan ere, 2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteetan Bilboko Atxuri-Garcia Rivero eskolako umeekin ere gauzatu ditugu pareko ipuin-liburuak.
2011n “Alabazan” izena eman diogun kooperatiba txikia sortu dut Pedro Ruizekin batera; honen bidez, hainbeste betetzen nauen kontalari/ipuin-sustatzaile lan eder honekin jarraitzeko aukera izaten jarraitzen dut.
Eta horrela, ibilbidean aurrera egiten dut, bidean kontu-kontari eta kanta-kantari.
Biografia:
1966an jaio nintzen eta “ganorazko” neskatila izanda, beti jolasten eta jolasten nenbilen. Aurkitzen nituen istorioekin jolastea ere gustatzen zitzaidan txotxongiloak egiten, irudiak, horma-irudiak, kontatzen edota ipuin horiek antzezten. Askoz geroago, 1996an, “Kandelen Argipean” Bilboko ipuin-kontalari taldearen sorreran hartu ahal izan nuen parte. Ez nuen orduan susmatzen zenbateraino errotuko ziren nigan ipuinak, nire bizimodua izatera heldu arte.
Eta ipuinen aurkikuntza (edo ber-aurkikuntza) honi esker, txikitatik nekarren ipuin-egarria asetzeko istorio, ipuin eta abestiak edateari eman nion. Geroago ezagutu nuen neureganatutako istorio horiek kontatzean sentitzen den gozamena.
Urteetan, narrazioarekin batera, helduentzako euskara-eskolak eman nituen hainbat euskaltegitan eta hauetan ere kontaketan trebatu nintzen, saio-eskolak entretenigarri egiteko garrantziaz ohartuz.
Azkenean, ipuinek liluratuta, zirt edo zart egin behar eta narratzeari ekin nion buru-belarri, geroztik kontaketan aritzeagatik zorionekoa sentitzen naizelarik.
Amaitzeko esan ere amatxo zintzoa naizela, eta honek irakasten didala egunero egunero zein garrantzitsua den kontatzea besteek entzuteko eta, bestera, ezinbestekoa dela entzutea besteek niri ere kontatzeko.
Eta horrela jarraitzen dut ipuinez, ipuinengatik eta ipuinentzako lan egiten eta bizitzen.