(1981-Oiartzun) Psikodidaktikan doktorea da Jon Martin Etxebeste. Xabier Leteri buruzko tesia osatu zuen.
Ikasketaz, Publizitatea eta Harreman Publikoan lizentziatua da eta Haur Hezkuntzan graduatua.
Hizkuntza eta Literaturaren Sailean lanean dihardu Euskal Herriko Unibertsitatean eta literatura eta nortasuna aztertzen dituen LAIDA ikerketa taldeko parte da. Hezkuntzaile gisa Lehen eta Haur Hezkuntzako irakasle izan da (Angelun, Orereta ikastolan eta Bertsolaritza Hezkuntza Arautua proiektuan). Komunikazio alorrean, gidoilari izan zen Mihiluze programan eta komunikazio teknikari (Errenteria-Oreretako udalean eta Ekogunean). Kazetari gisa jardun du hainbat egunkaritan (Euskaldunon Egunkaria, Berria, Bertsolari aldizkaria...); gaur egun literatur kritikari da El Correo-n. Idazle gisa, bi liburu argitaratu ditu: Ero ipuin liburua eta La Habana narrazio ilustratua. Musikari gisa, hainbat talde eta bakarlarirentzat idatzi ditu abestiak (Idoia Asurmendi, Alaitz eta Maider, Mikel Markez, Lauroba, Nahixan...). Beira taldeko abeslari ere bada eta hiru disko kaleratu ditu: Dena ez denean ezer (2013), Margotu berria (2016), eta Braillean (2017).
Gazte hasi zen bertsotan eta ibilbide luzea du bertsogintzan. Zenbait txapelketatan (bat-batean nahi idatziz) nabarmendu izan da; lorpenik sonatuena 2003ko Gipuzkoako Txapelketan txapeldunorde geratu izana da. Lau Txapelketa Nagusitan, 2005etik 2017ra, finalerdietaraino ailegatu da.
Bibliografia:
• Ero (2008)
• Habana (2008)
• Dena ez denean ezer (2013)
• Margotu berria (2016)
• Braillean (2017)
Sariak:
• 2007ko Igartza Saria.
• Eskolarteko txapeldun 1994ean, 1995ean, eta 1997an.
Poesia errezitaldiak, idazketa tailerrak, irakurketa tailerrak, guraso/irakasleentzako formazio tailerrak, HGLrekin harremana duten gaiei buruzko hitzaldiak.