Liburutegi Nagusiko Haur Saila eta bere Haur Liburuaren Dokumentaziogunea Donostia Kulturako Liburutegi Sareko zerbitzu eta gunea da.
Haur Liburutegiaren sorrera Konstituzio enparantzako eraikuntzaren azken solairuan izan zen. 1994. urtean Fermin Calbetón kalera aldatu zen eta leku aldaketak zerbitzuen hobekuntza ahalbidetu zuen, Haur Liburuaren Dokumentaziogunea, Bebeteka eta abar gehituz.
* Segurtasun arrazoiak direla medio, profesional honen datu pertsonalik ez duzu aurkituko web gune honetan. Hala ere, horiek eskuratu nahiko bazenitu Galtzagorrira dei dezakezu (Telf: 943471487) edota email bat igorri (galtzagorri@galtzagorri.eus) eta ahal dugun guztian lagunduko dizugu.
Liburutegiak Haurren Aretoa eta Haurtxoteka sailak eskaintzen ditu. Alde batetik, 0 eta 14 urte bitarteko haurrei eskainitako gune, funts eta zerbitzuekin, eta bestetik, helduei zuzenduriko Haur Liburuaren Dokumentaziogunearekin. Aipagarria da euskarri desberdinetan bilduriko 30.000 dokumentu baino gehiagoko fondoa; horien artean, besteak beste, haur literatura modernoaren fondoa, Dokumentazioguneko dokumentuak, fondo historikoa eta Asun Balzolaren Dohaintza aurki ditzakegu. Euskarazko fondoa, bereziki osatua dela esan genezake, bertan aurki baititzakegu haurrentzat euskaraz argitaratzen diren ia liburu guztiak.
Dokumentaziogunea bakarra da Euskal Herrian eta bere zerbitzuak literaturan eta haur liburutegietan interesa duten guztiei eskaintzen dizkie. Donostia Kultura, Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duten hainbat hitzarmen eta akordiori esker, Euskadiko liburuzain publikoei ikastaroak eskaintzen zaizkie, Aurkibide Aldizkaria argitaratzen da eta Gipuzkoako liburutegi eta eskola-liburuzainei laguntza eskaintzen zaie.