Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Vlad, banpiro txikia

Idazlea: Flavia Zorrila Drago

Ilustratzailea: Flavia Zorrilla Drago

Itzultzailea: Imanol Salegi Urbieta

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2023

Orri kopurua: 40

Adina: 6tik gora


Laburpena:

Album ilustratu honek Vlad banpiro txikia aurkezten digu, nor den eta zer duen gustuko: basoaren erdian gaztelu zahar eta ilun batean bizi den banpiro apain-apaina da bera. Modak ematen dio bizipoza, eta, batez ere, beltzez janztea du gustuko (banpiro guztiek egiten duten bezala), beltza dotorea, dibertigarria, misteriotsua eta denboraz gaindiko klasikoa delako.

Vladek, ordea, badu sekretu bat: masail gorri-gorriak ditu, beste banpiroek ez bezalakoak. Eta horrek arduratu egiten du Vlad, lagunik izango ez duela pentsatzen baitu. Horregatik modu batera edo bestera beti estaltzen ditu bere matrailak, moda zaharreko kapa aspergarri baten lepoaz, gehienetan. Vlad triste bizi da inork ez dakielako benetan bera nola sentitzen den. Egun batean, ordea, bere gisako banpiro bat ezagutuko du, ile gorri-gorridun banpiro bat, eta hark erakutsiko dio badela leku bat non itxura desberdineko banpiroak bizi diren. Orduz geroztik, Vlad banpiro txikiak kolore eta forma desberdinetako arropak diseinatuko ditu, bera benetan nor den erakutsiz.

Ilustrazioek ia orrialde gehienetan orrialde osoak betetzen dituzte, eta beste batzuetan, komiki itxuran ageri dira eszenak ilustratuta. Testuaren osagarri dira, eta narrazioari tonu goxo bat eransten diote. Banpiroen mundu misteriotsua kolore ilun, gris eta, bereziki, beltzarekin irudikatzen ditu egileak eta desberdintasunak arrosarekin nabarmentzen dira. Kolore biziak istorioan aurrera egin ahala nabarmentzen dira, pertsonaia berriak agertzen diren heinean. Liburuko babes orrietan ere eboluzio berdina ikus dezakegu; iluntasuna hasieran eta arrosa bukaeran.

Detaile ugariko albuma da eta horietan erreparatuz irakurleak informazio berria jaso ahal izango ditu: Vladek bi ama dituela, pianoa jotzen dakiela edota katua baduela, besteak beste.


Vlad, banpiro txikia