Izenburua: Tximeleta haurra
Idazlea: Marc Majewski
Ilustratzailea: Marc Majewski
Itzultzailea: Ibon Plazaola Okariz
Argitaletxea: Alberdania- Ekaré
Urtea: 2023
Orri kopurua: 42
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Album ilustratu honek maitasunaz eta autoestimuaz hitz egiten digu; norbera izatearen garrantziaz eta gugan konfiantza adierazten diguten eta babesten gaituzten pertsonak gertu izatearen opariaz.
Kontakizuna hasten da logela batean. Bertan haur bat dago tximeleta hegalak jantzita dituena. Gela hankaz gora dagoela dirudi; marrazkiak eta marrazketarako materialak lurretik, liburuak, arropak…Haurrak tximeleta hegalak dituela etxetik atera eta haizeak daroan lekura joaten da. Tximeleta hegalekin aske sentitzen dela dirudi, nahi duen gisan aritzen baita; gora eta behera, jira eta bira, hegan eta hegan. Bat-batean haur talde batekin egiten du topo eta hauek burla egiten diote eta bere hegalak hausten dizkiote. Haurra burumakur, hegalak bota eta etxera itzultzen da. Bere logelan sartzen da, triste: nahiago du inor ez izan inguruan. Aitak jatekoa eroaten dio gelara; nolabait badirudi bere momentua eta intimitate beharra errespetatzen duela. Janariarekin batera eroandako sardexka eta labana hartu eta horiek antena gisa jartzen dizkio haurrari. Eta galdetzen dio: orain zer egingo dugu? Berriro hasi. Prestatzen dute berriro tximeleta-jantzia, eta haurra berriro kanpora abiatzen da. Topo egiten du haur talde hura ostera ere, baina oraingoan hegan egiten du beraien aurrean. Haurra harrotasunez azaltzen da besteen aurrean, bere hegalak zabalduz. Eta honen poza haien zaputza bihurtzen da. Lortu du hegan libre egitea.
Ilustrazioaren zeregina berebizikoa. Kasu honetan hitzak ilustrazioaren osagarri direla esan daiteke. Ondorioz irudiak ezinbestekoak dira eta agian, testurik gabe ere, irakur liteke liburua. Irudiak eta testua bat datoz, noski.
Ilustrazioak tenperaz marraztutakoak dirudite. Nahiko errealistak dira. Lore eta paisaiak trazu sinpleagoz marraztuak daude eta pertsonak, zehaztasun gehiagoz. Ilustrazioetan elementu naturalek berebiziko garrantzia dute: loreek, hegalek, zelaiek… Haurraren barne mundu fantastiko horretan murgiltzeko baliagarriak dira. Ilustrazioen mugimendu eta lerroek, protagonistaren aldartearen isla dira momentu ugaritan. Kolore biziak dira nagusi; laranja, berde, hori, urdin eta zuriak.