Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Txangoan txiripaz

Idazlea: Josephine Mark

Ilustratzailea: Josephine Mark

Itzultzailea: Naroa Zubillaga

Argitaletxea: Astiberri

Urtea: 2023

Bilduma: Txikiberri

Orri kopurua: 184

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Eleberri grafikoa da, zinemako roadmovie-en antzera, bidean doazela gertatzen den ihesaldi/jazarpen baten kronika.

Otsoa eta minbizia duen untxia dira protagonistak, eta antagonistak ehiztaria eta ehiza zakurra. Komikiak, bi heroien arteko harremana nola gauzatzen eta estutzen den hartzen du oinarri. Elkar ezagutzen ez duten otsoa eta untxia medikuaren kontsultan daude; untxia minbiziaren kontrako tratamendua hartzen dabil eta otsoak zauria du. Bat-batean ehiztari baten tiroek kontsulta hankaz gora jartzen dute. Zalaparta haren erdian, otsoarengana zuzen zihoan bala untxiaren tantakoaren pertxak desbideratu egiten du, otsoari bizia salbatuz. Segidan biek elkarrekin ihes egiten dute, ehiztaria atzean utzi nahian. Hortik aurrera hainbat abentura biziko dituzte elkarrekin: ehiztariaren kotxea lapurtu, minbiziaren kontrako tratamenduak sortzen dituen albo-ondorioei aurre egin, ehiztariaren jazarpenari aurre egin, Axun hartza ezagutu, etab.

Komikia dela aintzat hartuz, lau ataletan banatua dago istorioa eta biñetak hiru edo lau lerrotan sailkatzen dira orrialdeko, kasu batzuetan biñeta bakarrak orrialde guztia hartzen badu ere. Bineten antolaketa ez da kasualitatea, ezta bineta bakoitzaren osaera ere. Pelikula baten moduan funtzionatzen du, akzioa eta mugimendua nabarmenki adierazi dira.

Bestalde, testuak letra xehez idatzita daude gehienbat, kasu zehatzetan bakarrik erabiltzen da letra larria, irakurtzeko tonua gogortu edo indartu nahi denean. Narratzailerik ez dago, istorio guztia elkarrizketen bidez kontatua dago. Gainera, ikur zinetikoen erabilera ere gauzatzen da, ekintza ezberdinak kontatzeko eta kontaketa horiei indarra emateko.

Koloreen gamak egoeraren arabera erabilita daude eta maiz argi-iluna, zineman bezala erabili da.


Txangoan txiripaz