Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Tomasen belarritakoa

Idazlea: Antton Kazabon Amigorena

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2023

Bilduma: Gaztetxo!, 41

Orri kopurua: 80

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Beldurrezko narrazioa da, ilustrazioz lagundua. Tonu herabean kontatuta dago, eta honek kontraesanean jartzen ditu gertaerak eta kontatzeko modua. Batik bat elkarrizketa bidez garatzen da, ikasgela batean, irakaslearen eta ikasleen hartu-emana erretratatzen. Elkarrizketetan irakasleak esandakoa berresateko ohitura erakusten du, eta ikasleek euren arteko sestrekin hizketan ari dira etengabe. Ezaugarri hauek guztiak batuta, irakurgai arina gertatzen da liburua. Era berean, atalak cliffhanger teknikaren bidez amaitzen direnez, jarraitzeko grina eragiten da, are eta arinagoa bihurtuz irakurketa.

Liburua abiatzen da irakasleak inguruko herri bateko historia azalduko diela esatean, zergatik eta duela gutxi herri hartan mutiko baten heriotza lazgarria gertatu delako, misterioz betea, gainera. Ikasleek bigarren kontu horri heltzeko erregutzen diote irakasleari, baina horrek abilezia handiz lortzen du haurrek historiako azalpenak jasotzea, istorioetan sartu aurretik. Nabarmena da irakasleak duen abilezia kontakizunaren unerik gorena airean uzteko, hurrengo saiora arte. Une batetik aurrera istorioak dira nagusi, zonbi eta banpiroen deskribapenak tartekatzen hasten dira, eta hildako hamabi urteko mutikoaren heriotzak sortutako esamesak egiantzekoak ote diren zalantza eragiten du irakasleak. Amaieran gelako haur bat, Tomas, era oso susmagarrian desagertzen da, eta narrazioa amaitzen da irakurleak jakin gabe Tomas hil ote den banpiro bihurtuta, ala ez.

Ataleko ilustrazio bat eskaintzen da, zuri-beltzean, nahiz eta jatorrizkoak kolorez eginak zirela dirudien. Pisu narratibo erlatiboa dute gutxi direlako, baina hala ere irudi bakoitzak kontakizuna baldintzatzen du. Esaterako, Urguilu herria Donostiako badiaren oso antzeko irudikatuta dago, eta irakaslearen bestelako azalpen historiko orokorrak zehazten laguntzen du. Azken ataleko tentsio une gorena ere erretratatu egiten du, esamesaren alde eginez, nolabait.


Tomasen belarritakoa