Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Surflaria

Idazlea: Uxue Alberdi

Ilustratzailea: Susana Martin

Argitaletxea: Euskal Herriko Ikastolen Elkartea

Urtea: 2023

Bilduma: Xabiroi

Orri kopurua: 56

Adina: 14tik gora


Laburpena:

Komiki liburu hau, aurretik atalka argitaratu zen Xabiroi komiki aldizkarian.

Uxue Alberdik eta Susanna Martinek, bata idazlea eta bestea ilustratzailea, biek ibilbide luzea dute narraziogintzan. Honako hau Uxuek argitaratzen duen lehen komikia da. Susanna Martinek, berriz, dozena bat komiki eta ilustrazio argitaratu ditu jada. Elkarrekin lan egiten duten lehen aldia da hau.

Heriotzari eta bizitzari buruzko komikia da, lagun eta maitalea zenaren falta ondo nabarmentzen duen tonu tristean dago azalduta. Amaia da istorio honetako protagonista eta haren laguna den Soledad-Sol-Eki-Soleil, jendea hiltzen duen “aingerua” da, eutanasia legezkoa ez zen urteetan.

Heriotza istorio osoan dago presente. Lehenengo orrialdeetan, lantokian publizitate kanpaina baten bitartez eta, ondoren, Amaiak haurdun dagoela jakiten duenean ume galtzeko arriskuarengatik adibidez. Istorioak aurrera egin ahala, Soleilek heriotzarekin nola jolasten duen erakusten digu, bai eta gaixoak nola hiltzen laguntzen dituen ere. Bukatzeko, baina, Herio eta bizitza parez pare aurkezten dizkigute eta bien arteko talkan bizitza nagusituko da. Honetaz jabetu gaitezke, Soleil eta bere ama “heriotzaren tunelean” elkartzen direnean. Izan ere, une horretan ama hilik dago eta Soleilek bizirik jarraitzen du. Bigarren adibide bat da istorioaren amaieran Amaia, haur jaioberria eta Soleil elkarrekin herrira itzultzen direnean “Thelma eta Louis” filmeko pelikulari egiten dioten keinua.

Uraren presentzia ere oso garrantzitsua da heriotzari lotuta dauden uneetan, surf egiten ari dela itotzear dagoenean edo bizitzari lotuta umea igerileku batean jaiotzen denean, adibidez.

Azpigaiak ere baditu: familia eta erlijioak duen pisua gizartean. Hori Soleilen amaren elizkoitasuna erakutsiz geratzen da agerian. Bestalde, sexu bereko pertsonen arteko harremanak agertzen dira, eta amaieran izan ezik, beti gaizki bukatzen dira. Honen adibidea da bi maitale auto baten barruan daudeneko pasartea. Emakumezkoen edertasunari buruzkoak ere azpigai horietakoa bat da.

Musikak ere presentzia handia du Amairen kamisetetan agertzen diren taldeen izenak kasu: Pussy Riot, Elastica, Belako, Vulpess eta Zetak. Eta Michael Jacksonnen abestia “Smooth Criminal” Ekiren jardunarekin eta beraien harremanarekin lotuta dagoena.

Narratzaileak pertsonaiak berak dira beraien elkarrizketa eta irudien bidez kontakizuna azaltzen digutenak. Hitz gutxiko komikia izateko, gauza asko kontatzen ditu.

Emakumezkoak dira protagonista nagusi istorio honetan. Hitza hartzen duten bi gizonek bata ginekologoa da eta bestea Amaiaren kide-maitale ohia. Azken honek Amaiari Ekiri buruzko hainbat informazio emango dizkio eta gizon desatsegina dela jakinaraziko digu Amaiak. Nabarmentzekoa da irudi batean, Igorrek Eki Ros hitzarekin jolasten hasten da eta Eros idazten amaitzen du. Modu honetara Amaia eta Ekiren arteko erlazioa zer nolako den jakinarazten zaigu.

Pertsonaien irudiez aparte, kolore ezberdinak erabiltzen ditu iragana eta oraina bereizteko. Iragana adierazteko binetak kolore bakar batean agertzen dira, askotan gorri, arrosak dira bai eta berde urdinak ere. Gorri, arrosa, gorri-more tonuak bi emakumeen arteko intimitatearekin lotuta erabiltzen ditu.

Bineta itxiak neurri ezberdinetakoak eta simetrikoak dira nagusi. Koadrotan agertzen dira batez ere, gu kanpoan utziz. Hasierakoak txikiagoak dira, Amaia aurkezten dizkigutenak bere egunerokoan, erritmo handiagoa ematen diote istorioari. Ondoren handitzen dira eta hitzak ere gutxitzen, introspekzio uneekin bat egiteko. Orrialde osoa hartzen duten bi ilustrazio daude, bata Amaia zuhaitz bihurtzen denekoa eta bigarrena haurra igerilekuan jaiotzen denekoa, azpian barne bineta txiki bat agertzen da testuingurua emateko irudi horri. Badira barne bineta gehiago, autoa itsasora erotzen denekoa, mugimendua iradokitzen duen patinatzailearena, ametsetan dagoenarena. Agertzen diren bineta ireki gehienak, iraganarekin lotura dute. Bineten arteko tarteak orekatuak dira, esaten ez duena eta ikusten denaren artean istorioa ondo jarraitzen da. Badira ere bineta bat baino gehiago hartzen duten irudiak, adibidez, Soledaden etxekoa plano pikatua ere badena, jainkoak goitik Soledad eta Amaia zertan ari diren begiratuko balu bezala.

Hizkuntz kode ezberdinak erabiltzen ditu. Pertsonaiak kartutxotan edo globoetan, ez dira bereizten, hitz egiten dute. Telefonoz hitz egiten ari denaren hitzak zein diren bereizteko, berriz, kartutxoek edo bunbuiloek beste forma bat hartzen dute. Agertzen diren kartutxo edo bunbuilorik gabeko bi binetetako testuak, Sol bere iraganetik askatzen den unean agertzen dira, biek Sol eta testua bera “libre” azaltzen zaizkigu. Onomatopeiak ere agertzen dira, transmititu nahi dutena indartzeko. Didaskaliaz josita dago ere, testuinguruan lagungarri direnak, adibidez lehen aipatutako kamisetak, iragarkiak. Bai eta funtzio narratiboa dutenak ere: eskelak, telefonoko pantailak, idazten ari diren oharrak…


Surflaria