Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Sirenak

Idazlea: Jessica Love

Ilustratzailea: Jessica Love

Itzultzailea: Miren Agur Meabe

Argitaletxea: Kókinos

Urtea: 2023

Orri kopurua: 38

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Album ilustratu honetan, gaur egun nonahi gertatu daitekeen istorio bat kontatzen da. Tonu goxo eta positiboan, identitatearen aurkikuntzaz eta onarpenaz hitz egiten digula dela esan daiteke, aniztasunaren aldarrikapena eginez.

Julian izeneko mutiko batek sirenak izugarri gustuko ditu. Igerilekura joaten denean, bera ere uretan arrainekin jolasten duen sirena bat dela imajinatzen du.

Amonarekin trenean doala, sirenak ikusten ditu eta bera ere sirena bihurtu daitekeela pentsatzen du. Amona dutxan dagoen bitartean, sirenaz mozorrotuko da: etxeko landare baten hostoak eta loreak buruan jarri, ezpainak margotu eta errezelekin sirena isats elegante bat egiten du.

Amonak ikusten duenean harrituta gelditzen da; Julianek ez daki errieta jasoko duen edo ez.

Amonak ez dio errietarik egiten. Mozorroa osatzeko lepoko bat oparitu eta hondartzara eramango du, sirena, olagarro, arrain eta bestelako mozorroen desfile batera.

Hemeretzi esaldi labur besterik ez dituen album honetan, ilustrazioek narrazioaren pisu guztia hartzen dute, eta ezinbestekoak dira kontaketa jarraitzeko. Orrialde bikoitzeko irudiak dira guztiak, akuarelaz eginiko kolore biziz osaturikoak. Lehen planotan ekintzak eta mugimendua irudikatzen dira, bi protagonistek egiten duten ibilbidea islatuz.


Sirenak