Izenburua: Renata piano jotzailea, ingeleseko ikaslea, eta abar, eta abar
Idazlea: Ramón García Domínguez
Ilustratzailea: Javier Zabala Herrero
Itzultzailea: Aitor Arana
Argitaletxea: Edelvives
Urtea: 2023
Bilduma: Paper txoriak. Sail urdina, 29
Orri kopurua: 144
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Narratiba, liburu ilustratua. Biografia laburra, ume baten lehen hamar urteak kontatzen dizkiguna. Gaia norberaren nortasunaren bilaketa izan daiteke. Aldi berean, gurasoek seme-alabak eskolaz kanpoko jarduera askotara apuntatzea kritikatzen du, lagunekin egoteko eta jolasteko denbora murrizten delako eta nortasun garapenean ondorioak ere ekar ditzakeelako. Askorentzat duela hogeita hamar urte sortu zen liburu honen protagonista haur jolasaren defendatzaile sutsua da.
Liburuaren protagonista Renata izeneko neskatila da. On Manolo eta Maribel Renataren gurasoak dira, aita posta zerbitzuko burua da eta amak supermerkatu baten kontabilitatea darama. Renataren gurasoek eskolaz kanpoko hainbat jarduera egitera bultzatu dute alaba: solfeoa, pianoa, ingelesa, gimnasia erritmikoa... Eta Renatak ez dauka lagunekin jolasteko denborarik. Lagun bakarra dauka, Loles izenekoa, baina hau ez da eskolara joaten, egunean hiru orduz etxean ikasten du teologoa den bere aitarekin, eta gainontzeko denbora jolasean pasatzen du.
Bat-batean, Renata gauetan jaiki eta papiroflexia egiten hasten da lo dagoela. Hori dela eta psikologoarengana eramaten dute gurasoek, eta honek tratamendu gisa astean hiru saio jarri dizkio, karga gehiago erantsiz Renataren "lanaldi" bukaezinari. Orduan, Lolesen aitak arazoaren berri izango du eta Renatak gehiago jolastu beharko lukeela gomendatzen du. Maribelek horren berri duenean Lolesen bitartez, haserretu eta teologoarekin aurrez aurre hitz egitea erabakitzen du. Baina Renataren ama bere alabaren egoeraz konturatu eta ezustekoa emango digu, bere orain arteko izaera zeharo aldatuz. Gainera Renatak laster anaia berri bat izango duela jakiten du.