Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Parabellum

Idazlea: Jhon Andueza

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2023

Bilduma: Traola, 10

Orri kopurua: 180

Adina: 12tik gora


Laburpena:

Euskal Herrian kokatzen den eleberri historikoa da, Espainiako gerra zibilarekin hasi eta gaur egun arte luzatzen dena. Azpigai batzuk ere iradokitzen ditu: familia arteko erlazioak, maitasuna, politika, borroka armatua eta boterea, adibidez.

Bost atal ditu istorioak eta, Elgetako bi familien bizipenen bidez, Euskal Herrian izandako gatazkak kontatzen ditu, bereziki, Frankismoa eta ETAren hasierako urteetako jarduna.

Atal bakoitzak epe hauek bereizten ditu:

  • 1936-1939 Gerra zibila
  • 1939-1974 Frankismoa, ETAren sorrera
  • 1974-1985 Trantsizioa eta berunezko urteak
  • 2021-2022 Demokrazia eta drogen negozioa
  • 2023 epilogoa

Lehenengo lau atalak antzerako luzera dute. Azkena, berriz, epilogo motz bat da, istorioa ixteko erabiltzen duena.

Protagonista diren bi familiak Euskal Herriko errealitatearen ispilu dira. Jatorrian, bi lagunak mundu beretik datoz, baina gerra zibilak bakoitza gizartearen alde kontrajarrietan kokatzera bideratzen ditu. Lagun hasi ziren bi gaztek elkar gorrotatu eta gorroto hori belaunaldiz belaunaldi transmitituko dute, denak hil arte.

Narratzaile orojakile batek garaia eta pertsonaien sentimenduak deskribatzen ditu. Bataren zein bestearen ikuspegia tonu neutroan azaltzen ditu, gaia latza izan arren. Nolabait, gure herrian min handia sortu duten egoerak izan dira, eta, haietan sakondu gabe, azaletik, sufrimenduzko urteak eta egoera latz haiek bizi izan zituztenen sentimenduak deskribatu nahi izan dituela dirudi, inoren alde jarri gabe eta ezer justifikatu gabe (Frankismoa, ETA, GAL…). Hala ere, nabarmena da alde bateko familia gizartean onartua, diruduna… deskribatzen duela, eta bestea, berriz, pobreak eta herrian guztiz onartuak ez direnak. 1985etik 2021erako salto kronologiko bat ere egiten du istorioan, ETAren amaieraren nondik-norakoak kontatu gabe.


Parabellum