Izenburua: Pantxo zezena
Idazlea: Pello Aņorga Lopez
Ilustratzailea: Jokin Mitxelena
Argitaletxea: Denonartean
Urtea: 2023
Orri kopurua: 40
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Album Ilustratu honek animaliekiko maitasuna aldarrikatzen du, salatzearekin batera festetan izaten den animalien erabilera bortitza.
Pantxo baserrian bizi den zezen beltza da, eta tamainaz txiki xamarra bada ere, adarrak oso handiak ditu. Pozik bizi da han, baserriko beste animalia guztiekin.
Baina egun batean, zapi gorridun gizonek, indarrez kamioi batetan sartu eta herriko festetara daramate. Han sokamuturra jolasetan pasatzen ditu hainbat egun. Baina halako batean, zezen-plazara eramaten dute eta orduan zapidunek banderilla jartzen diote bizkarrean. Hortik aurrera, ihesari ematen dio eta pasadizo desatseginak izaten ditu zapidunekin. Mendietara igo eta libre dagoela uste duenean, kamioi batekin azaltzen dira zapidunak. Izuturik urrutiraino iristen diren orro latzak botatzen ditu, eta bere baserriko lagunak ohartarazten. Adiskideek kamioia bultzaka iraultzen dute, eta zapidunak ihesean galtzen dira beheko lekuetan, banderilla kentzen diote Pantxori eta pozik bukatzen du amesgaiztoko astea, larrean botata.
Ilustrazioak biziak eta dinamikoak dira, etengabe mugimendua irudikatzen dute eta zezenarengan jarrita dute fokua, dimentsio oso handiak ematen zaizkiolarik. Ilustrazioak bi orrialdeetan zehar zabaltzen dira eta testua ezkerraldeko goialdean kokatzen da. Beltza, grisa, gorria eta zuria dira kolore nagusiak.