Izenburua: Orro: Oihaneko animaliak
Idazlea: Georgette
Ilustratzailea: Georgette
Itzultzailea: Aztiri itzulpen zerbitzuak
Argitaletxea: Ttarttalo
Urtea: 2023
Orri kopurua: 16
Adina: 2tik gora
Laburpena:
Jolas liburu hau aurre-irakurleentzako lehen album ilustratua izan daiteke.
Pop up liburua da, bost eszenatan antolatuta. Eszena bakoitzak bi orrialde hartzen ditu animalia banarekin. Ez du ematen hau gaia denik, animaliak hitz eta irudiekin jolaserako aitzakia besterik ez baitira. Tonu alaia eta ustekabekoa, haur txikiak piztien ekintza bakoitzean parte hartzera gonbidatzen dituzten testuekin.
Hari narratiboa xumea da, amaieran, azaletik aurreikusten den arren, ezustekoa zain dauka irakurleak. Krokodiloak irribarre egiten digu bere hortz zorrotzak erakutsiz, elefanteak busti egiten gaitu bere tronparekin, tximinoak keinu egiten digu bere ahoarekin, loroak barre egiten du bere hegoak zabalduz, eta, hainbesteko zalaparta entzutean, lehoia orroka esnatzen da.
Testu sinpleak osatzeko, animalia bakoitzaren hotsekin bat egiten duten irudiak daude.
Ilustrazioei erreparatuz, kolore planoak eta biziak erabili dira eta animalien errepresentazio geometriko samarrak eraiki dira. Pop up-ak ez dira oso konplexuak, baina bai adin txikikoek manipulatzeko egokiak. Testua eta irudiak ezin hobeto osatzen dira.