Izenburua: Oiloak, uretara!
Idazlea: Pablo Pérez Antón
Ilustratzailea: Rocío Araya
Itzultzailea: Amaia Apalauza
Argitaletxea: A fin de Cuentos Editorial
Urtea: 2023
Orri kopurua: 36
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Album ilustratu formatuan ipuin bat kontatzen digute egileek, istorioko protagonistak diren haurren ahotsetik. Lehenengo pertsonan eta pluralean dago idatzia, haur talde baten ikuspegi -antza- bateratu bat eskaintzen digularik. Geruza ugari ditu liburuak: lehen planoan eta batez ere, ezezagunaren aurrean senti dezakegun beldurraz edo mesfidantzaz hitz egiten du; baina baita (1) autoritarismoaz ere hein batean, (2) haurrek eta helduek mundua ikusteko, esperimentatzeko dugun modu desberdinaz eta (3) helduek haurrengan proiektatu eta eragin dezakegunaz.
Haur talde bat zoriontsu zen uraren ertzean elkarrekin jolasean. Ez zitzaien bainatzea gustatzen, nahikoa zuten uraren ertzean jolastearekin. Baina egun batean igerilekuko begiralea, McCallagan jenerala, azaldu, eta uretara sartzera behartu nahi izan zituen. Alabaina, “Ura hainbeste maite badu, sar dadila bera!” pentsatu, eta guztien artean bultzatu zuten gerilekura, beraiek lasai jarraitu nahi baitzuten, ordura arte bezala, uraren ertzean jolasean. Baina, McCallagan ur azalera irteten ez zela ikusita, larritzen hasi ziren eta azkenerako guztiek uretara salto egitea erabaki zuten, McCallagan salbatzeko. Eta horrela ur azpiko lurralde ezezaguna deskubritzeko aukera izan zuten haur hauek, beraien gozamenerako mugak zabalduz.
Tonu errealistan hasten da kontakizuna, baina liburua aurrera joan ahala, errealitatea baino urrunagoko espazioei ere leku egiten die ipuinak, amaieran batez ere. Ura metafora bat dela ikusiko dugu, ezezaguna, konplexua zaigun horretan murgiltzeak eman diezaguken mesfidantza edo beldurren isla, baita haurrengandik espero dugunaren eta gu emateko prest gaudenaren arteko talka gertatuko den espazio horrena ere.
Irudiak oso adierazkorrak dira, arkatzez egindako zirriborro-tankerako marrek eta kolore biziko orbainek osatzen dituzte irudiak, haurren adierazpidera hurbiltzen gaituztelarik. Kolore-orbainak akuarelaz eginak dira gainera, ura erdigune duen istorio batentzat ezin aproposagoak. Zuriak leku handia hartzen du liburuaren lehen zatian, eta gatazkan barneratzen joan ahala, uraren urdin-berdeak hartuko ditu orriak, eta amaiera aldean irudimenaren edo sinboloen mundurantz atea zabalduko zaigu.