Izenburua: Nor
Idazlea: Irati Goikoetxea
Argitaletxea: 1545
Urtea: 2023
Bilduma: Hipatia saila
Orri kopurua: 144
Adina: 12tik gora
Laburpena:
Nortasuna, sexu aniztasuna eta elkarbizitza ardatz dituen eleberri ilustratua da. Liburuak hamaika kapitulu ditu, eta bukaeran hausnarketarako atal bat eta epilogo bat dauzka. Kapituluak oso motzak dira eta aise irakurtzen dira. Testuak elkarrizketa asko ditu; dena den, narrazioa gailentzen da istorioan zehar. Bestalde, hausnarketa egiteko jaidura handia du. Nolanahi ere, espresuki kapitulu bakoitzaren gogoeta sakonago bat egiteko, hainbat galdera proposatzen dira hausnarketarako atalean.
Istorioak gazte transexual baten bizipena aintzat hartuz, hamalau urteko gaztetxoen nortasunaren garapenean sortzen diren galderak, zalantzak, egonezinak eta antzekoak kontatzen ditu. Narratzaile orojakile batek orainaldian kontatzen du gaztetxoek zer egiten duten eta gaztetxoak nola sentitzen diren. Oso modu xumean kontatua dago, baina sentiberatasun handiarekin.
Ilustrazioei dagokienez, irudiek eta koloreek liburu osoan presentzia handia dute. Oso liburu koloretsua da. Kapitulu bakoitza kolore eta itxura desberdina duen azal batekin hasten da. Bestalde, irudiak ikusgarritasun handikoak dira. Irudien garrantzia nabarmena da liburu osoan. Aipatzekoa da istorioa irudiekin hasten dela; izan ere, lehenengo kapitulu aurretik hamahiru orri daude irudiekin.