Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Non begia, han egia

Idazlea: Victor Bellmont

Ilustratzailea: Victor Bellmont

Itzultzailea: Julio Soto Ezkurdia

Argitaletxea: Txalaparta

Urtea: 2023

Orri kopurua: 40

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Album ilustratu honek hausnarketa transzendentala proposatzen digu, jolasaren bidez. Pertsona bakoitza bakarra eta errepikaezina garela aldarrikatzen du, bakoitzak norbere ezaugarri propioak dituela, eta haien bidez ikusten eta ulertzen duela mundua.

Tomas da liburuko protagonista eta berak kontatzen du istorioa; 12 urteko nerabea da, daltonikoa. Familia bazkari batean daudela, gainontzeko kideek nola ikusten duten galdetzen dio bere buruari. Orriz orri, goitik begiratutako jangela bat ikusten dugu, jendea mahaiaren bueltan dela. Honela, txandaka, familiako kide bakoitzaren begiradatik erakutsiko zaigu beti presente dagoen paisaia bera, baina, bakoitzaren begiradatik, desberdina.

Liburu honetan ilustrazioek dute protagonismo gehiena; testua, irudiaren laguntzailea dela esan genezake. Ezinezkoa litzateke liburua ulertzea irudirik gabe. Irudiek orrialde osoak betetzen dituzte.

Ilustrazioak nahiko ikonikoak dira forma borobilduak dituzte maiz, baina begirada bakoitzaren arabera moldatzen ditu egileak. Adibidez, bideo-jokoen zalea den aitaren begiradatik marraztutako irudiak zorrotzagoak dira eta umearen begiradatik sortutakoak, forma borobilagoak dituzte.

Marrazkiak ordenagailuz egindakoak dira eta irudiak ez daude ertz beltzarekin azpimarratuta; nahiz eta pertsonaia batzuen xehetasunak arkatz finarekin eginak diren (amonaren zimurrak, ahizparen ilea, osabaren jaka eta abar).

Ilustrazioak ia beti nahiko antzekoak badira ere, orriz orri xehetasunak aldatzen dira: tamaina, forma, kokalekua (orrialde batean), estiloa (kubismoa), gardentasun maila, txuri beltza eta abar.


Non begia, han egia