Izenburua: Niri bakarrik gertatzen zait!
Idazlea: Gabriela Keselman
Ilustratzailea: Marcelo Elizalde
Itzultzailea: Xabier Olaso
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2023
Bilduma: Paper txoriak. Sail gorria, 27
Orri kopurua: 48
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Narrazio errealista honek adiskidetasunaz eta norbere apetak mendean hartzeaz hitz egiten digu. Tonu nahiko neutroa du kontakizunak orokorrean, baina protagonistaren aldartearen arabera aldatzen doa, haserrea, etsipena eta itxaropena agertzen direlarik nagusiki.
Teo da protagonista eta hanka hautsita eta ubelduraz betea du gorputza, istripu baten ondorioz. Egun batzuk eman beharko ditu ohetik altxatu ezinik eta etsita dago, uste baitu berari bakarrik gertatzen zaizkiola halakoak. Umore txarrez ere badago, ezingo baita Mila lagunaren urtebetetze festara joan. Egunero, baina, Maxi lagunaren bisita jasotzen du. Horrek Teoren purrustadak entzun behar izaten ditu eta ordainetan, egunero istorio bitxi bat kontatzen dio. Istorio horren bitartez azaldu nahi dio, berari bakarrik ez, besteei ere gertatzen zaizkiela bestelakoak. Egunak aurrera joan ahala Teo osatzen da, baina oraindik umore txarreko jarraitzen du. Maxik hala ere, egunero egingo dio bisita eta egunero kontatzen dio istorio bitxiren bat. Egun batean Maxi bisitan doa eta ez du Teo aurkitzen, dagoeneko osatu delako eta berari ezer esan gabe Milaren urtebetetze festara joan delako. Maxi atsekabetu egiten da, baina bidean sorpresa atsegina aurkitzen du: Milaren urtebetetze festatik bueltan Teo aurkitzen du pastel zati batekin.
Ilustrazioak testuarekin bat datoz. Kolore biziko ilustrazio indartsuek protagonismo handia dute. Orrialde osoa betetzen dute eta sarri beste orrialdean ere "sartzen" dira. Informazio gehigarri berezirik eskaintzen ez badute ere, irakurlearen ulermena errazteko ahalmena dute.
Eskuz marraztuak eta errotulagailuz koloreztatuak dirudite. Trazu beltzarekin inguratuta daude eta izkina guztiek itzal antzeko bat dute.