Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Nesken taldea

Idazlea: Pasqual Alapont

Ilustratzailea: Julia Cejas

Itzultzailea: Aitor Arana

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2023

Bilduma: Paper txoriak. Sail berdea, 29

Orri kopurua: 144

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Liburua nobela bat da, errealista eta soziala. Gaur egun, gizartean egon daitekeenaren erretratua egiten du, edo gaiak behintzat, gaur egun gure gizartean aurkitzen ditugunak dira; matxismoa eta feminismoa lantzen ditu futbolaren arloan, hain zuzen ere.

Liburuko protagonistetako bat Marina da, pertsonaia honetatik abiatzen da liburuaren kontakizuna. Marinari futbolean aritzea gustatzen zitzaion eta, gainera, ona zen kirol horretan. Bere inguruan mutilak soilik ibiltzen ziren futbolean, eta haiekin jolasteko oztopoak jartzen zizkioten neskari, emakume izatea izanik arrazoi bakarra. Horren aurrean ikaskide zuen Chusak laguntza eskaini zion, eta euren buruei nesken futbol taldea osatzea jarri zioten helburu, mutilei aurre egiteko. Horrela, erronka bota zieten mutilei: beraien aurka partida bat jokatzea.

Taldea osatzeko, baina, ez zuten erraza izan, neska asko arrotz agertzen ziren, nahiz eta pixkanaka taldekideak lortuz joan. Bere horretan ere, kiroletako irakaslearengana jo zuten laguntza eske, baina honek ezezkoa eman zien, mutilek lehenago bere laguntza eskatu zutela argudiatuz. Oztopoak oztopo, taldea osatzea lortu zuten bi neskek, eta izena ere jarri zioten taldeari: Rosa Parks. Entrenatzailea ere lortu zuten, taldera batu zen mutiko bakarraren aitona. Mutil horrek, Blasek, hanka bat bestea baino motzagoa zuenez, mutilekin ez zen integratua sentitzen, eta hortaz, nesken taldearekin bat egin zuen. Horren aitonak, aldiz, taldearekiko izan zuen lehen inpresioa ez zen oso ona, neskez bakarrik osatutako taldea zela argudiatuz.

Arazoak arazo, Marinaren futbolerako abilezia ikusi ondoren, entrenatzailea konbentzitzea lortu zuten. Hainbat entrenamendu egin eta gero, partidarako ordua iritsi zenean, neskek bost eta lau irabazi zieten mutilei.

Ilustrazioei dagokionean, dekorazio funtzioa dute, ez dira irudi asko agertzen eta agertzen direnean, testuan esandakoa errepikatzera mugatzen dira.


Nesken taldea