Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Neska jaiotzea

Idazlea: Alice Dussutour

Ilustratzailea: Alice Dussutour

Itzultzailea: Aztiri itzulpen zerbitzuak

Argitaletxea: Ttarttalo

Urtea: 2023

Orri kopurua: 174

Adina: 12tik gora


Laburpena:

Alice Dussutour ilustratzaileak idatzi eta ilustratutakoa da liburu hau eta azalean bertan ikus dezakegu liburu guztian zehar egongo den arte mota. Liburua bost ataletan banatua dago, atal bakoitza protagonista eta gai ezberdin bakoitzak gidatzen duelarik.

Atal bakoitzaren hasieran lehen pertsonan protagonista bakoitzak bere historia kontatzen du, hori guztia ilustrazio ezberdinak eta kolore eta tamaina ezberdinetako testuek osatuta. Ondoren, Dussutourrek azaldu diren gai ezberdinen azalpenak ematen ditu, letra txikiago eta irudi ezberdinen bidez. Horietako bakoitzak orrialde bateko luzera izan ohi du eta atal bakoitzak halako sei bat dakartza.

Bestalde, atal bakoitza herrialde ezberdinetako emakume edo neska gazte ezberdinek kontatzen dute, eta atal bakoitzean dauden orrialdeen iskinetan ageri da noren istorioa den bakoitza. Irakurketa indibiduala egin behar bada atal bat bestearen atzetik irakurtzea da ohikoena, eta liburu honetan ere hala egin daiteke. Eskolan lantzekotan, atalak datozen ordenan irakurtzea posible da, baina atal bakoitzaren ondoren hausnarketa bat egitea komeniko litzateke.

Beste guztiaren gainetik, album feminista da, eta emakumeek jasaten dituzten injustizietan eta feminismoaren beharrean zentratzen da.

Ez dago guztiz garbi kontatzen diren istorioak fikziozkoak ala ez fikziozkoak diren, baina kontatzen diren istorio guztiak errealak izan daitezke eta benetako esperientzietan oinarrituta daude. Azkenik, ematen den informazio ugaria ez-fikziozkoa da eta edozein gaztek ulertzeko moduan kontatua dago. Idazteko erari erreparatuz gero, irakurtzeko eta ulertzeko erraza eta erakargarria dela esan behar da, baina aldi berean oso gai gogorrak jorratzen dituela eta irakurleek horien jakinaren gainean egon behar luketela, besteak beste: ablazioak, matxismoa (liburu guztian zehar), gizenfobia, anorexia, biolentzia, hilketak, etab.

Amaitzeko, irudi koloretsuz osatua dagoen baina gauza oso gogorrak kontatzen dituen albuma da hau eta, irudiek irakurketa errazten badute ere, horien kolore biziek ez dute kontatzen denaren krudeltasuna ezkutatzen.


Prentsako aipamenak:

Imanol Merceroren kritika Berrian


Neska jaiotzea