Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak

Idazlea: Iban Apaolaza Sancho

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Argitaletxea: 1545

Urtea: 2023

Orri kopurua: 52

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Gerraostean (Espainiako gerrate zibila, 1936-39) Oiartzungo errotak itxi zituzten Gipuzkoa “probintzia traidore” izendatzearen ondorioz, eta oiartzuarrek astoz eta gauez Nafarroako errotetara egiten zituzten bidaiak, Oiartzunen ereindako artoa ehotzeko eta irina egiteko. Irin horrekin taloak egiten zituzten baserritarrek gerraondoko goseari aurre egiteko.

Jone Ugaldebere Sarasuak (proiektuaren sortzaileak), entzuna zion aitari bere bi izebek astoa hartu eta bide hura egiten zutela eta Joxe Kruz Ezeiza Aizpurua Kaxka eta Iñaki Pikabea Lasarekin lan-taldea osatu eta testigantzak jasotzeari ekin zioten, oiartzuar eta nafar gazteei pasadizu historiko horren berri emateko asmoz. Kontakizun horiek oinarri hartuta lan-taldearen enkarguz ipuin ilustratu hau sortu dute Iban Apaolaza Sancho idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak.

Lehenengo bi orrialde bikoitzetan, irakurle helduari zuzenduta dagoen testuan proiektuaren nondik-norakoak azaltzen dira.

Ipuineko protagonista Muga astotxoa da, baserriko ganbaran kuxkuxeatzen artoa garraiatzeko saskia aurkitzen du eta horren erabilgarritasunaz galdetzen dio amonari. Amona gazte garaian bizitakoak kontatzen hasi eta koadrilan Muga, haren amona, Xaharra, Kontxesi eta Marmarti astoak Oiartzunetik Goizuetarako bidea egitera animatzen dira, bidean gaztetan bizitakoak narratzen dituzten bitartean.

Astoak gizatiartu eta haiek istorioaren protagonista bihurtzea erabaki egokia dirudi, Muga astotxo bixia, txikitxoa, belarriluzea eta orroe leunekoa irakurle gaztetxoaren alter egoa izanik, haren eskutik erraz konektatuko dute asto heldu koadrila xelebrearekin. Horrela, ia konturatu gabe, abentura kutsua darion narrazio baten haritik, irakurleak historia irakaspen bat jasoko du.

Mitxelenak tintaz egindako ilustrazio dinamikoek testuak dioena irudikatzen dute, irakurlea deskribatzen diren parejeetan kokatzen lagunduz eta asto koadrila gizatiartuz.

Horrez gain, ipuinaren amaieran Wikiloc aplikazioko mapa eta erreferentziekin bildu dituzte ibilbideok: Iturriotz-Goizueta; Karrika-Arantza; Karrika-Lesaka; eta Ergoien-San Anton.


Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak