Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Migranteak

Idazlea: Issa Watanabe

Ilustratzailea: Issa Watanabe

Itzultzailea: Olatz Mitxelena Larreta

Argitaletxea: 1545

Urtea: 2024

Orri kopurua: 38

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Hitzik gabeko album ilustratu honen gai nagusia migrazioa da, bere azpigaiekin: errefuxiatuak, erbesteratuak, bonbardaketak… Tonua serioa, tristea eta batez ere isila da.

Alegia balitz bezala, pertsonaiak espezie desberdinetako animaliak dira. Ez dago protagonista bakarra, migrante taldea da, animalia gizatiartu gisa irudikatuak.

Beren ondasun urriak oihaletan bilduta hostorik gabeko baso ilunean zehar doaz, atzerantz begiratu gabe. Mantu loreduna duen Herio dute bidaide. Humanizatu gabeko pertsonaia bakarra hartz zuria da, Heriorekin bidaia hitzartu duela dirudiena. Une batean paterara joaten dira lasterka, eta itsasoan barrena jarraitzen dute bidaia. Lehorrera iristen dira, eta Heriorekin geratzen den bidaide bat agurtzen dute. Bidean jarraitzen dute, ibis urdinarekin batera. Baten batek atzera begiratzen du. Bukaerak itxaropentsua dirudi, baso iluna adarrekin eta koloretako hostoekin agertzen baita, taldea gelditu gabe jarraitzen badu ere. Ilustrazioei dagokienez, irudiek duten indar adierazkorra azpimarratu behar da. Hondo beltz baten gainean begirada finkoa duten pertsonaia hiperrealismoagatik eta argi ilunaren tratamenduagatik nabarmentzen dira, ñabarduraz betetako ilustrazio xeheen bidez.

Autoreak hainbat teknika nahasi ditu. Pertsonaiak arkatzez marraztu, koloreztatu eta moztu ondoren, collage moduan itsatsi ditu, atzealde beltzen gainean, pertsonaien eta elementuen kolorea nabarmenduz. Animalien arropa bitxia, tapaki koloretsu ezberdinekin egina, norabidean arreta jartzeko ezinbestekoa da kontakizun honetan.

Hizkuntza sinbolikoak garrantzi handia du lan honetan eta zenbait irudik beste lan batzuekin lotura izan dezake, zuhaitz gorriarena edota Heriorena, esate baterako.


Migranteak