Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Lurrean haziak

Idazlea: Asel Luzarraga

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2023

Bilduma: Traola, 8

Orri kopurua: 120

Adina: 14tik gora


Laburpena:

Eleberri sozial baten aurrean gaude, sistema patriarkal kapitalista eta kolonialari kritika egiten dion istorio bat duelarik ardatz. Honela, gai nagusia gatazka soziala dela esan genezake. Zehazki, Maputxeen herri indigenak inguruko Estatuengandik eta sistemarengandik bizi duen zapalkuntza egoera islatzen da bederatzi kapitulu ezberdinez osaturiko liburuan.

Asel Luzarragaren beste eleberri batzuetatik (Uzta garaia (2021) eta Katuak jandakoa (2022)) ezagutzen ditugun Iraultza eta Zigor bikien Aste Santuko oporretako bidaia bat kontatzen digu istorioak. Maputxeen herrian lurrartuko dute eta bertan hil ala biziko abentura bat biziko dute: Iraultza bahitu egingo dute bertako machi batekin batera. Orduan, Zigor eta Nahuel bestengusua, komunitateko kideen laguntzaz haiek askatzera joango dira.

Ilustraziorik gabeko liburu bat da, azalean argazki bat ageri delarik -machiarena izan litekeena, barroteen atzean-. Narratzailea, berriz, orojakilea da, eta kapitulu bakoitza anai-arreba bikietako baten testuinguru, emozio, pentsamenduetan zentratuz abiatzen da.

Irakurleak aukera du Iraultza eta Zigorren bestengusuaren lagunen bitartez, Maputxeen herriko kulturaz zer edo zer ikasteko: haien borroka nagusiez, ideologia komunitarioaz, musika taldeez, lurraldea ustiatzen duten enpresa multinazionalei buruz, eta abar. Honela, esan dezakegu, bidaia kritiko bat egitera gonbidatzen gaituela idazleak biki euskaldun eta ezkertiar hauen begietatik eta haien buruei egiten dieten galderetatik. Kolonialismoa izango du istorioak ardatz, haien turismo eredua bera ere ezbaian jarriz. Kritika soziala etengabe presente egonik narrazioan, hausnarketara bideratzeko modu ezberdinak jorratzen ditu egileak: pertsonaien barne gogoetak islatuz, gazte euskaldunek maputxeei egiten dieten galdera zuzenen bitartez, bai eta haien artean sortzen diren elkarrizketen bidez ere.


Lurrean haziak