Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Lore txiki bitxia

Idazlea: Kitty O’Meara

Ilustratzailea: Quim Torres

Itzultzailea: Maddalen Arzallus Antia

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2023

Orri kopurua: 40

Adina: 6tik gora


Laburpena:

Album ilustratu honek elkartasuna, aniztasuna eta maitasunaren garrantzia aldarrikatzen du, iritzi eta ikuspuntu desberdinekiko errespetua bultzatzeko asmoz. Testua errimatua da.

Oihanean lore txiki bat jaio zen, berezia eta bakarra. Bakoitzak kolore batekoa ikusten zuen (batzuentzat horia zen, besteentzat urdina, gorria…). Botanikariak eta lider handiak ere ez ziren ados jartzen. Guztiak burugogor jarri ziren arrazoia izan nahian eta, sekula ez zirela ados jarriko jakinda, liderrak oihuka hasi ziren: “GERRA!”. Lorea loreontzi batean jarri zuten, bakoitzak, irain artean, berea argudiatzen zuen artean. Helduen gatazkatik kanpo zegoen neskatxa batek, loreari begiratu, eta lore bitxia zer zen bazekiela adierazi zien. Loreontzia jasota, biraka hasi zen kolore guztiak nahasiz eta ostadarraren koloreak sortuz. Jendea liluraturik geratu zen eta jarreraz aldatu zuen, honakoez ohartu baitziren: begirada zabaldu behar dugula; bestearentzat ona dena, norberarentzat ere bai; arnasa sakon hartuz, eta lasaitasunez, hobeto elkar ulertzen dugula… Momentu horretan lorea indarrik gabe eta kolorge zegoela konturatu zen neskatxa, eztabaida eta irainen erruz hil baitzen. Orduan, lorea ontzitik lurrera itzuli zuen, oihanak berpiztu zezan. Bere maitasunezko malkoak lorearen gainean isuri ziren eta lorea indartu egin zen, lurrak eta zeruak kolorez lehertuz. Herriz herri, jende guztia eskutik helduta eta dantza eginez, elkarlanari buruzko abesti bat abesten hasi zen. Maitasuna hedatu zen bazterrik bazter, lorea eta neskatxari esker. Ilustrazioek, kontakizunaren haria jarraituz, koloreekin jolasten dute: hasieran, eztabaida giroa dagoenean, basoa kolorge dago, gris; lorearen ostadar koloreak zabaltzen direnean aldiz, maitasun giroan daudenean, zuhaitzetako enborrek kolorea hartzen dute. Babes-orrietan ere nabarmentzen da aldaketa hau.


Lore txiki bitxia