Izenburua: Liburuak teilatuan
Idazlea: Thomas Van Oostrum
Ilustratzailea: Thomas Van Oostrum
Itzultzailea: Ihintza Elsenaar
Argitaletxea: Ttarttalo
Urtea: 2023
Bilduma: Nola liteke?
Orri kopurua: 24
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Jolasa eta jolasaren atsegina aldarrikatzen dituen liburu ilustratua da. Ilustrazio eroak ditu, kolorez beteta, eta orrialde bikoitz bakoitzean etxeko gela bat erakusten digu. Bixkor txakurrak gelen deskribapena egiten du, baina berak dioenaz harago, askoz mami gehiago dute ilustrazioek.
Bixkor txakurrak bera bizi den etxea erakusten dio irakurleari banan banan, etxeak duituen gela guztietan sartu-irtena eginez. Lehen bistadizoan etxe arrunta dirudi, baina, tentuz begiratuz gero, irakurlea ohartuko da oso gauza bitxiak gertatzen direla etxe horretan: txerri bat paseatzen ari den neskatoa, Lego piezaz egindako hesia, txirrista bat den pianoa, oker dauden koadroak, gorantza argi egiten duten lanparak, arrautzak frijitzen dituen plantxa, gurpil karratuak dituen autoa… eta noski, liburuak teilatuan.
Ilustrazioak kolore biziz eginak daude. Batez ere, kolore beroak erabili dira. Tonu ilunak eta trazu fin baina zehatzak. Bi orrialde hartzen dituzten irudiak dira. Geruza ugari dituzten irudiak dira. Xehetasun handiz eginak daude, garrantzitsua baita irakurleak proposatzen digun jolaserako jakitea zer den ikusten ari garena. Asko baitira lekuz kanpo dauden objektuak edo erabilera desegokiak edo ez ohikoak dituztenak.
Egiturari dagokionez, liburuak atal desberdinak ditu. Lehen 20 orrialdeetan etxearen atal desberdinak bisitatzera eramango gaitu Bixkorrek. Eta horietan zenbait elementu aurkituko ditugu lekuz kanpo. Zer dagoen lekuz kanpo eta zergatik edo zer den gauza bakoitza eta zertarako balio duen partekatzeko atala da. Gauza askoren erabilera ikasteko baliagarria izan daiteke partekatze hori.
Bukaeran, azken bi orrikoetan, bi joko desberdin aurkezten dizkigu Bixkorrek. Lehenengoan, zenbait objektu ematen dizkigu eta ea non ikusi ditugun asmatu behar dugu. Eta bigarrenean bi irudi berdin ditugu eta 10 desberdintasunak aurkitu behar ditugu.
Liburuak hasieratik jolasten du irakurlearekin, izan ere azalaren diseinutik hasita, tipografiak eta azaleko eta kontrazaleko mantxetek, ustez lekuz kanpo dauden gauzak estaltzen dituzte eta tituluaz lagunduta, irakurlearen arreta liburuz beteta dagoen teilatura darama. Baina behin lehen orrira iritsita, irakurlea konturatzen da, benetan bitxia dela Bixkorren etxea.