Izenburua: Liburu bat banintz
Idazlea: José Jorge Letria
Ilustratzailea: André Letria
Itzultzailea: Garazi Arrula Ruiz
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2023
Bilduma: +xo!
Orri kopurua: 58
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Liburuaren eta irakurketaren garrantziaz ari zaigun album ilustratua da. Izenburu bera den “Liburu bat banintz” hitzekin hasten ditu orrialde guztietako esaldiak; liburu batek izan ditzakeen helburu eta nahiak azaltzen dizkigu, tonu poetikoa erabiliaz.
Lehen pertsonan idatzia dago eta narratzaileak sormen ariketa bat egiten du. Jolas moduko bat: liburu baten azalean jarri, eta honek eskaini ditzakeen hainbat aukeren bila jartzeko abiapuntua. “Liburu bat banintz” esaldi hasierak jolaserako eta sormenerako abiapuntua ematen du.
Irudiak garrantzitsuak dira kontakizunerako, baina ez ezinbestekoak. Testua irudirik gabe ulertzen da, hala ere, irudiek ekarpen garrantzitsua egiten dute. Alde batetik, liburua bera azaltzen da ilustrazio guztietan, objektu ezberdinak osatuz: erratza, kanpin denda, maleta, farola... Honela, esaldiek jasotzen duten ideia indartzeko funtzioa hartzen dute. Bestetik, liburuak duen tonua ere azpimarratzen dute, hau da, testuak proposatzen digun sormen ariketa bera egiten dute irudiek.
Pertsonaia bakarra agertzen da irudietan; ez guztietan baina beti pertsona bera. Irakurlea eta aldi berean idazlea izan daitekeela iradokitzen duela dirudi.
Kolore pastelak erabili dira. Gehienetan orri osoa hartzen dute ilustrazioek, nahiz eta batzuetan orrialde batean testua eta bestean ilustrazioa ageri diren.